Gerra Ukrainan

Poloniak iragarri du ez dizkiola arma gehiago bidaliko Ukrainari

Lehen ministro Mateusz Morawieckiren arabera, Poloniako armada indartzeko hartu dute erabakia. Edonola ere, azken egunotan nabarmen tenkatu da bi aldeen arteko harremana, Ukrainako zerealak inportatzeko debekuaren harira.

Poloniako armadako hiru militar Ukrainako mugatik gertu, Przewodow udalerrian, iazko azaroan. WOJTEK JARGILO / EFE
maddi iztueta olano
2023ko irailaren 21a
12:20
Entzun

Poloniako lehen ministro Mateusz Morawieckik atzo iragarri zuen ez dizkiotela arma gehiago bidaliko Ukrainiari. Gobernuak argitu du aurretik adostutako armamentu guztia bidaliko duela, baina orain herrialdeko armada indartzea lehenetsiko duela. Edonola ere, azken egunotan Ukrainako zerealen inportazioen harira izandako talken ondoren iritsi da erabakia, eta baliteke horrek ere zerikusirik izatea.

Joan den maiatzetik, Ukrainako zerealak inportatzea debekatuta egon da Europa ekialdeko zenbait herrialdetan; zehazki, Hungarian, Polonian, Bulgarian, Errumanian eta Eslovakian. Horien arabera, tokiko merkatuak «aldrebesten» zituzten Ukrainako zerealen prezioek, eta, batez ere, kalte egiten zieten hango nekazariei. Horregatik adostu zuten bost estatuek debekua EB Europako Batasunarekin, baina iragan ostiralean iraungi zen, eta ez luzatzea erabaki zuen EBk, iritzita zerealen prezioek jada ez zietela kalterik egiten herrialde horietako merkatuei.

Poloniak, Eslovakiak eta Hungariak, ordea, berehala adierazi zuten ez zeudela ados, eta iragarri zuten urte amaierara arte eutsiko diotela debekuari. Erabakiari berehala erantzun zion Kievek. Hiru estatuen aurkako salaketa aurkeztu zuen MME Munduko Merkataritza Erakundean.

Pauso bat harago eman zuen Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik herenegun, NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian, zeina igandera arte egingo baita, New Yorken. Poloniari, Eslovakiari eta Hungariari mintzatu zitzaien, eta zera esan zien: «Kezkagarria da ikustea nola gure Europako lagun batzuek elkartasunez jokatzen duten maila politikoan, baina nola egiten duten thriller bat zerealaren kontuarekin. Irudi dezake beren antzerki propioaren jabe direla, baina, egiaz, antzezlekua prestatzen ari dira Moskurentzat».

Hitz horiek Poloniako lehen ministroaren haserrea hauspotu zuten: «Gatazka areagotu nahi badute, produktu gehiago gehituko dizkiogu inportazioen debekuari. Ukrainako agintariek ez dute ulertzen zenbateraino ezegonkortu den Poloniako nekazaritza sektorea. Poloniako nekazariak babesten ari gara».

Herrialdeko nekazariak babestea argudiatuta aurkeztu du Poloniak Ukrainako zerealen inportazioaren debekua luzatzeko asmoa. Baina haiek ez dira Morawiecki buru duen gobernuak babestu nahi dituen bakarrak. Urriaren 15ean egingo dituzte parlamenturako bozak han, eta, hain justu, nekazariek osatzen dute orain agintean dagoen alderdiaren —Legea eta Justizia eskuindarra— boto emaileen zati handi bat.

Bi bide konponbiderako

2022ko otsailean gerra hasi zenetik, Ukrainaren aliatu handienetako bat izan da Polonia. Ekipamendu militarrarekin hornitzeaz gain, urte eta erdian milioi bat errefuxiatu ingururi aitortu die asiloa. «Lehenak izan ginen Ukrainari laguntza eskaintzen, eta horregatik espero dugu orain haiek gure interesak zein diren ulertzea», esan du gaur Morawieckik. Bataren eta bestearen azken ekintzek, ordea, kolokan jarri dute harremana. Eta, Poloniako Atzerri Ministerioaren esanetan, MMEn salaketa aurkeztea ez da bi herrialdeen arteko desadostasunak konpontzeko «metodo egokia».

Gaur-gaurkoz, Poloniak nahiago du afera eztabaidaren bidetik konpondu. AFP berri agentziak jakinarazi duenez, auziaren inguruan hitz egin dute gaur bi estatuetako Nekazaritza ministroek. «Argi utzi diot [Ukrainako Nekazaritza ministroari] MMEn Poloniaren aurka aurkeztutako salaketak kalte besterik ez diola egingo gure harremanari. Salaketa hori bertan behera utzi behar dute, berehala», esan du Poloniako Nekazaritza ministro Robert Telusek.

Bien bitartean, EBk berretsi du erakundearen «babes osoa» duela Ukrainak; eta hala izango dela aurrerantzean ere, «baita militarki ere». Zerealen inportazioen debekuaren inguruan, Europako Batzordeak abisua eman die Hungariari, Poloniari eta Eslovakiari. Gogorarazi die «EBk soilik» duela eremuko merkatuaren gaineko eskumena, eta posible dela klubak hiru estatuen aurkako arau-hauste prozedurak abian jartzea.

Edonola ere, baliteke delako zigor horretatik salbu egotea Eslovakia, zerealen inportazioen debekua desblokeatzeko akordio batera iritsi baitira gaur hango eta Ukrainako Nekazaritza ministroak. Trukean, Kievek MMEn bere aurka jarritako salaketa kendu dezala eskatu du Bratislavak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.