Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Iruñeko Udalak aurkeztutako kasazio errekurtsoa, eta etxez etxeko arreta zerbitzuko langile guztiak berriz onartzera behartu du, CCOO sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez. 160 bat langile dira, gehienak emakumeak.
Duela urte batzuk hasi zen lan gatazka, Enrique Maiaren udal gobernuak etxez etxeko langileen zerbitzuaren kostuak kanpora atera eta langileak enpresa publiko batera aldatu zituenean. CCOOk azaldu duenez, sindikatuak mobilizatu egin ziren, eta auzia judizializatu egin zen. Auzitegi Gorenak orain ebatzi duenez, etxez etxeko langileen zerbitzuaren kudeaketa ereduaren aldaketak Lan Kontratuko Langileen Hitzarmen Kolektiboaren 13. artikulua urratzen du. Gaineratu duenez, artikulu horrek xedatzen du udalak, enplegu publikoa sustatzeko asmoz, ezin dituela kanpora atera gaur egun lan kontratuko langile finkoek edo mugagabe ez-finkoek egiten dituzten lanak.
CCOOren ustez, zerbitzu hori kanpora ateratzeak eragina du berez feminizatuta dagoen sektore bateko langileen «prekaritatean». Langile horiek udalaren langileriaren parte izatea babestu du sindikatuak, eta gaineratu zaintzak erakunde publikoak babestuta egon behar duela. Sindikatuak Iruñeko Udaleko indar politikoei eskatu die babes dezatela etxez etxeko arreta zerbitzua Iruñeko Udalaren bitartez garatzeko eskaria.
Gorenak ebatzi du Iruñeko Udalak berriz onartu behar dituela etxez etxeko langile guztiak
Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Iruñeko Udalak aurkeztutako kasazio errekurtsoa, eta etxez etxeko arreta zerbitzuko 160 bat langile berriz onartzera behartu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu