Vocento taldeko egunkariek gaur argitaratu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Gipuzkoako garraio eskolaren hamabost autobus ibilbide esleitu zizkion Hezkuntza Saileko aholkulari juridiko batek duen enpresa bati. Informazio horren arabera, Jaurlaritzak Autocares Urpa SM enpresari esleitu zizkion Gipuzkoako garraio eskolako ibilbideen %25; enpresa horretako administratzailea Joanes Labaien da, Hezkuntza Saileko aholkulari juridikoa eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearen senarra.
Miren Gorrotxategi EP-IUko bozeramaileak Eusko Legebiltzarreko kontrol saiora eraman du gaia, eta argibideak eskatu dizkio Iñigo Urkullu lehendakariari. Hark erantzun du dagoeneko eskatu diola Hezkuntza Sailari «ahalik eta azkarrena» argitu dezala gertatutakoa, eta ziurtatu du Jokin Bildarratzen departamenduak informazio guztia emango duela. «Gardentasunarekin dugun konpromisoa ukaezina da, eta administrazioarentzat lan egiten duten guztientzat ere izan behar du», erantsi du.
Gorrotxategiren ustez, berriz, «eskandalu izugarria» da esleipena enpresa horri egin izana. «Bizkaiko eta Arabako garraio enpresei kartel bat osatzea leporatu zitzaien; izan ere, garraio enpresekin akordioa lortu den lurralde bakarra Gipuzkoa izan da, eta, kasualitatez, eskola garraio publikoaren negozioaren zatirik onena enpresa baten esku geratu da», kritikatu du. Haren ustez, zerbitzu publikoak pribatizatzen direnean, eskubideak ez dira bermatzen.
Bestalde, eskola garraio publikoaren egoerari buruz galdetuta, lehendakariak esan du balorazio «positiboa» egiten duela, arazoari erantzun bat eman diotelako. «Hezkuntza publikoa egokitzeko eta etengabe hobetzeko prozesuan dago, eta ezinegona sortu duten eta egoera bideratzen saiatu garen aldaketak egin behar izan ditugu, familiei laguntza emanez».