Baionako bestak «modu sakonean birpentsatzeko» eskatu dute hainbat herritarrek

Izen bilketa bat abiatu dute sarean, Baionako Herriko Etxeari eskatzeko galdeketa bat abiatu dezala herritarren artean. «Gure besten bilana latzegia da, eta ezin dugu gehiago onartu». 

Jendetza handia bildu da aurtengo Baionako bestetan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko irailaren 25a
11:42
Entzun

«Gehiegi dira baionarrok gure herriko bestetan jasan behar ditugun eta beldurtzen gaituzten gertakariak: erailketa, heriotzak, bortxaketak, sexu erasoak, ziztadak, liskarrak, jendetzaren mugimenduak, irainak, kaka eta pixa karrika bazter guzietan... Gure besten bilana latzegia da, eta ezin dugu gehiago onartu». Honela dio Change-org plataforman abiatu duten izen bilketa aurkezteko testuak. Baionako bestak «modu sakonean birpentsatzeko» herritarren galdeketa bat abiatu dezala eskatu diote herriko etxeari.

«Herritar anitz gira gure herriko bestetan aldaketa sakon eta berehalakoa nahi dugunak», adierazi dute. Izan ere, izen bilketa abiatu dutenen iritziz, ez dira soilik «xehetasun batzuk» aldatu behar: «Heldu da bestak modu sakonean birpentsatzeko tenorea, 2024an bertan neurri eta dispositibo ausartak plantan ezarriz». Aurten iragan diren Baionako bestetan lau bortxaketa salatu dira, gizon bat hil dute kolpeka, eta mutil bat hila aurkitu dute haren etxean.

Gogoeta horretan, Baionako hiritar guzien parte hartzea beharrezkoa dela azpimarratu dute deitzaileek, besta ofizialen antolaketa bere gain hartzen duen herriko etxeko batzordera mugatu gabe. «Herri galdeketa horrek festen alderdi guztiak barnebildu beharko lituzke; besteak beste, segurtasuna, higienea, jendetza, datak, ordutegiak, prezioak, programazioa, prebentzioa, euskararen lekua, biztanleen eta egitura pribatuen parte-hartzea, komunikazioa, garraioa, aparkatzea, edota soinuztatzea», azpimarratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.