Euskal presoak

Asier Ezeizari 182 urteko espetxe zigorra ezarri diote

ETAk 2003an Alacanten eta Benidormen eginiko bi atentaturengatik zigortu dute.

Asier Ezeiza, gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalean. ZIPI / EFE
2023ko irailaren 26a
12:15
Entzun

Hiru epaiketa behar izan du Espainiako Auzitegi Nazionalak Asier Ezeiza euskal presoa ETAk 2003an Alacanten eta Benidormen (Herrialde Katalanak) eginiko atentatuekin lotuta zigortzeko. Ezeizak 182 urteko espetxe zigorra onartu du, fiskaltzarekin akordioa eginda.

Fiskaltzak 268 urteko espetxe zigorra eskatu zuen Ezeizarentzat, hamalau hilketa saiakeragatik eta kalte handiko bi delitugatik. Azkenean, baina, bi aldeek 182 urteko zigorra adostu dute, nahiz eta gehienez hogei urtekoa izango den. Era berean, inhabilitazioa ere ezarri diote, eta Alacantera eta Benidormera joateko debekua.

Hirugarren aldia da Ezeiza ekintza horiengatik epaitu dutena. Aurreko bietan, Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen ez zegoela nahiko froga Ezeizak parte hartu zuela baieztatzeko, eta absolbitu egin zuen. Auzitegi Gorenak, ordea, baliogabetu egin zituen ebazpen horiek, eta sententzia egokitzeko agindu zion epaimahaiari. Gorenak argudiatu zuen Auzitegi Nazionalak ez zuela aztertu Ezeizak atentatu haietan «lagundu izana», eta lehen epaiak frogatutzat jo zuela ETAko kidea zela eta 2003ko udan Herrialde Katalanetako kostaldean hainbat «kudeaketa» egin zituela erakunde armatuaren eskariz.

Ezeiza 2008an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, eta hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zioten ETAko kide izatea egotzita. Fresnesen, Tarasconen (Frantzia) eta Mont de Marsanen (Okzitania) egon zen preso. 2020an, baina, Espainiaratu egin zuten, Auzitegi Nazionalak epaitu zezan. Orduan, Soto del Realen (Espainia) egon zen preso, eta, ondoren, Zaballan (Araba), COVID-19ak eragindako pandemiak berriz Frantziaren esku uztea eragotzi baitzuen. Hala, 2020ko maiatzean aske geratu zen, Frantzian ezarritako espetxe zigorra osorik beteta.

Auzitegi Nazionalean haren kontrako bi prozesu ireki zituzten. Batetik, ETAk Herrialde Katalanetan egindako ekintzetan parte hartu izana egotzita. Bestetik, Orioko (Gipuzkoa) PSE-EEko zinegotzi Juan Priederen hilketan parte hartzea leporatuta. Auzi harengatik, hemeretzi urteko espetxe zigorra ezarri zion auzitegiak, egileak autoz lekualdatu zituela egotzita. Hala, maiatzetik espetxean da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.