Bilboko Udalak bat egin du Kontseiluak deitutako manifestazioarekin

EH Bilduk eta EAJk hitzartutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. PSEk eta PPk aurka bozkatu dute.

Euskalgintzaren Kontseiluaren agerraldia, joan den asteartean. ARITZ LOIOLA/ FOKU
2023ko irailaren 28a
19:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Udalak bat egin du euskararen kontrako oldarraldiaren aurka eta euskararen normalizazioaren alde Euskalgintzaren Kontseiluak datorren azaroaren 4rako deitutako manifestazioarekin. EH Bilduk eraman du mozioa osoko bilkurara, eta EAJrekin hitzartutako erdibideko zuzenketa batekin egin du aurrera proposamenak. PSE-EEk eta PPk ez dute babestu.

Mozioaren bidez, udalari eskatu diote herritarrak manifestaziora joatera animatu ditzala, eta euskararen erabilera bermatzeko neurriak garatzen jarrai dezala. Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak esan du EAJrekin lotutako akordioa berri «pozgarria» dela, eta adierazten duela euskararen aldeko aldarriak «gehiengo zabal batek» batzen dituela.

Del Riok salatu du euskara normalizatzeko prozesuan oztopo gehiago jarri izan direla administrazioan, hala barne funtzionamenduari dagokionez, nola hizkuntza eskakizunak eta kontratazioetako hizkuntza klausulei dagokienez. Haren ustez, azken inkesta soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. «Aipaturiko eragozpenak, hortaz, adostasun sozial handi baten kontrakoa ere badira», gaineratu du.

EAJko zinegotzi Eider Inunziagak ziurtatu du udal gobernuak lanean jarraituko duela hizkuntza eskubideak errespeta daitezen, eta euskara gero eta herritar gehiagok erabili dezaten. Euskararen aurkako epai judizialak kritikatu ditu, halaber.

PSE-EEko bozeramaile Nora Abetek euskara liskarrerako tresna gisa erabiltzea kritikatu du, eta esan du herritarrek eskubidea dutela administrazioan nahi duten hizkuntza erabiltzeko, baina «inposiziorik gabe». PPko Esteban Gotik ukatu egin du euskararen aurkako erasoaldia dagoenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.