Kontu publikoak

Zor publikoaren zama arinduz doa

Eusko Jaurlaritzak BPGaren %13 zor du, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, %13,3

Iñigo Urkullu eta Maria Txibite lehendakariak, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko irailaren 29a
11:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kopuru osoetan egonkor, baina proportzionalean, beherantz. Horrela azal daiteke zer gertatzen ari den Hego Euskal Herriko erakundeen zor publikoaren bilakaerarekin.

Hau da, milioi eurotan neurtuta ez da orain ere aldaketa handirik izan, 15.000 milioi euroren bueltan baitago, baina ekonomia hazten ari denez, haren zama txikiagoa da. Garrantzitsua da jaitsiera, zor bonuen eta maileguen interesak handitzen ari diren garai batean.

Espainiako Bankuak gaur eman du 2023ko bigarren hiruhilekoaren amaieran bere eraginpeko administrazio publikoek zuten zorraren berri. Dioenez, Eusko Jaurlaritzak 10.916 milioi euro zor zituen ekainean. Jaitsiera nahiko handia dago martxo amaierako datuarekin konparatuta (-512 milioi), baina igoera apala 2022aren bukaerarekin alderatuz gero.

Baina zorra neurtzeko modurik adierazgarriena barne produktu gordinean duen pisua da, eta horretan joera argi eta garbi beheranzkoa da Jaurlaritzaren kasuan: BPGaren %14,9 zen, eta azken urtean %13ra jaitsi da. Urrunago geratzen da Espainiako Bankuak duen serieko urterik txarrena, 2020a, orduan %16,2ra heldu baitzen.

Beste hainbeste esan daiteke Nafarroako datuei buruz. Espainiako Bankuak 3.175 milioi euroko zorra duela dio.73 milioi handitu da azken hiruhilekoan, 17 milioi besterik ez urtea hasi denetik, baina duela urtebetekoaren azpitik dago (-107 milioi). Nafarroako BPGa %2 handitu da azken urtean, eta, hortaz, zor publikoaren zama %15,1etik %13,3ra jaitsi da. Nafarroaren zor publikoak ere 2020an jo zuen goia, pandemiaren ondorioz, %19,1eraino heldu baitzen.

Jaurlaritzaren bonuak, eta Nafarroaren maileguak

Baina bada desberdintasun bat Hegoaldeko bi administrazio nagusien zorraren artean: Eusko Jaurlaritzak zor merkatuekin ditu zorraren bi heren, eta heren bat bankuekin. Ia-ia kontrakoa da Nafarroak: %62,7 bankuei zor die, eta %37,3 bere bonuak erosi dituzten inbertitzaileei.

Bankuak dira foru aldundien zor ia guztiaren hartzekodunak ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru erakundeek 3.394 milioi euroko zorra zuten ekainaren amaieran, hiru hilabete lehenago baino 310 milioi gehiago, baina duela urtebete baino 137 milioi gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.