Hilberria

Iñaki Alkorta hil da, Gureak taldeko presidentea

Taldeko zuzendari izan zen 1977tik 2011ra, eta 2006tik zen presidente. 73 urte zituen.

Iñaki Alkorta. GUREAK TALDEA
jon ordonez garmendia
2023ko irailaren 30a
11:07
Entzun

Gureak taldeak jakinarazi duenez, Iñaki Alkorta hil da, enpresa talde horretako presidentea. Bere ibilbide profesionala desgaitasunen bat dutenen laneratzearekin egon da lotuta. Gureak taldeak atsekabea adierazi du heriotzaren berri eman ostean. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, heriotzaren berri jakin ondoren, esan du Gipuzkoa gaur egun «lurralde inklusibo, ireki eta kohesionatuagoa» dela Alkorta bezalako pertsonei esker.

Alkorta Donostian jaio zen, eta zuzenbidearen eta enpresa kudeaketaren inguruan egin zituen ikasketak. Gureak taldeak ohar batean azaldu duenez, «taldearen sorreran eta hedapenean funtsezko pertsona izan zen». Atzegiko gurasoen kezkatik abiatu zen Gureak, desgaitasunen bat dutenentzako lan aukera egonkorrak sortu eta kudeatzeko, eta gaur egun 6.000 pertsona inguruk osatzen dute taldea; horietatik %84k desgaitasunen bat daukate.

2015eko Joxe Mari Korta sariduna

2015ean, enpresa munduan egindako lana aitortzeko, Joxe Mari Korta saria jaso zuen, Iñigo Urkulluren eskutik. Gureak-ek egindako ekarpena aitortu nahi izan zuen Eusko Jaurlaritzak: «Enpresa talde hori lan aukera egonkorrak eta pertsonen mugetara ahalik eta gehien egokitutako lan aukerak sortzeko eta kudeatzeko sortu zen, eta adimen desgaitasuna duten gipuzkoarrei lehentasuna ematen diete».

Horrez gain, 2003an enpresabururik onenaren saria jaso zuen, Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren eskutik.

EHLABE Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartearen sortzaileetako bat ere izan zen Alkorta, eta gaur egun presidentea zen. Donostiako Goienetxe fundazioaren patronatuko kide ere izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.