AEB

Presidentea kargugabetuta, AEBetako Ordezkarien Ganberako jarduna eten dute

Errepublikanoen eskuin muturreko multzo txiki baten ekimenez, beren alderdikide Kevin McCarthy behe ganberako presidente kargutik kendu dute. Demokraten eskaeren aurrean amore ematea egozten diote.

Kevin McCarthy, atzo, agerraldi bat egin ondoren. EFE
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 4a
12:59
Entzun 00:00:0000:00:00

AEBetako Ordezkarien Ganberak instituzio horretako presidentea, Kevin McCarthy errepublikanoa, kargugabetzea onartu zuen atzo, eta, orduan, diputatu errepublikano batek oihu egin zuen, galdera bat planteatuz: «Eta orain, zer?». Izan ere, AEBetan aurrenekoz kendu dute Ordezkarien Ganberako presidente bat. Ez dago argi zer gertatuko den, baina behin-behinean McCarthyren tokia hartu duenak, Patrick McHenryk, kontu administratiboak baino ezin ditu kudeatu; hau da, paralisi egoera horretan ez duela ohiko jardunik edukiko ganberak, ezingo dutela lege berririk aurrera atera, noiz eta, hain justu, urte fiskal hasiberrirako aurrekontuak eta Ukrainarentzako diru sail berri bat negoziatzen ari zirenean.

Donald Trumpen tesiekin bat egiten duen diputatu errepublikanoen multzo txiki bateko buruak, Matt Gaetzek, aurkeztu zuen McCarthy kargugabetzeko mozioa. Bozkatu zuten, eta demokratek abagunea baliatu zuten haiek denek ere, zortzi errepublikanok egin bezala, McCarthyren aurka egiteko, modu horretan zorrak kitatuz —Joe Biden AEBetako presidentearen aurkako ikerketa bati bide eman zion McCarthyk lehengo astean— eta errepublikanoen artean zatiketa eraginez: 216k bozkatu zuten hura kargutik kentzearen alde, eta 210ek, kontra.

McCarthyren kontra egin dute eskuin muturreko diputatuek, leporatzen diotelako amore ematea demokraten eskaerei. Izan ere, urtarrilean kargua hartu zuenetik, eta demokratekin ados jarrita, errepublikanorik muturrekoenak sutu dituzten bi erabaki ahalbidetu ditu, gutxienez. Batetik, zorraren muga bertan behera uztea, modu horretan gobernuak bere finantza konpromisoak bete ditzan. Eta, bestetik, administrazioa partzialki ixtea eragotziz, behin-behineko aurrekontu bat onartzea, azaro erdialdera arte iraungo duena.

Ikusi gehiago: Ukraina militarki babesteko orduan arrakalak handituko direla pentsatzen du Errusiak

Horiek horrela, Gaetzek atzo bozketaren aurreko debatean adierazi zuenez, AEBetako familiak «batere dirurik ez izateko mugan» daude inflazioaren ondorioz. «Gure ekonomia bitan zatitzen ari da. McCarthyk huts egin du auzi inportanteen inguruan posizionatzeko orduan. Ez dut barkamenik eskatuko behargin estatubatuar guztiek bizitza duin bat izateko duten eskubidea defendatzeagatik». Eta, behin kargugabetzea gertatu ondoren, presidente izandakoaren kontra egin zuen: «Boterera iritsi da interes berezien bidez dirua bilduz, eta hori mesedeen truke banatuz».

Bozketaren ondoren agerraldia egin zuen McCarthyk, eta Gaetzi egotzi zion «arrazoi pertsonalengatik» egitea bere aurka; baita arreta erakarri nahi izateagatik ere. Jakinarazi zuen ez dela berriro aurkeztuko Ordezkarien Ganberako presidente izateko, eta, bide batez, bere erabakiak defendatu zituen: «Nire lana galtzen badut zuzena dela iruditzen zaidan hori egiteagatik, ez daukat inongo arazorik horrekin».

«Kaos» ohartarazpenak

McHenryk ordezkatuko du behin-behinean, McCarthyk bere agintaldia hastean bere ordezko posibleen zerrenda sekretu bat osatu zuelako eta zerrenda horretako aurrenekoa zelako, atzo kargugabetua izan ondoren jakinarazi zutenez. Horren harira, AEBetako hedabideak hasi dira jada kinielak egiten, ea zeintzuk izan daitezkeen McCarthy ordezkatzeko hautagai errepublikanoak. Ordezkarien Ganberak gehiengo errepublikanoa du (221-212), eta Senatuak, aldiz, gehiengo demokrata (51-49). Horregatik izan dituzte lanak edozein lege onartzeko.

Horrekin zerikusirik ez zuten izan, ordea, aurreko urtarrilean McCarthy aukeratzeko sortutako zailtasunek. Ohikoena izan da ganberan gehiengoa duen aldeak hautagai bat adostea, eta hori aurreneko bozketan aukeratua izatea. Errepublikano batzuek, Gaetzek eta bere ingurukoek, hain justu, McCarthyren hautagaitza blokeatu zuten behin baino gehiagotan, eta hamabost bozketa behar izan zituzten presidentea izendatzeko.

Kaosa nagusitzekotan egon zen orduan, eta Tom Cole diputatu errepublikanoak, behe ganberako Arauen Batzordeko buruak, ohartarazi du «kaosaren aldeko botoa» izan dela Gaetzek bultzatutakoa, eta ziurtasunik eza aurreikusi zuen. «Inork ez daki zer gertatuko den gero; ezta kargugabetzearen alde bozkatu zutenek ere... Oraintxe ez dute planik, ez alternatibarik», azpimarratu zuen CNN telebistan. Gaetzek, nolanahi ere, hartutako erabakia defendatu du: «McCarthy presidentea da kaosa; kaosa da norbaiten hitzaz ez fidatzea»

Etxe Zuriak eskatu die errepublikanoei «laster» aukeratu dezatela McCarthyren ordezkoa. «AEBetako herritarrek merezi dute beren bizitzei eragiten dieten gaiak erdigunean jarriko dituen lider bat», plazaratu du, ohar batean, Bidenen bozeramaile Karine Jean-Pierrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.