Migrazioa

Migrazio krisietan neurri zorrotzagoak hartu ahalko dituzte EBko estatuek

Besteak beste, asilorik lortzen ez duten migratzaileak denbora luzeagoan eduki ahalko dituzte atxilo. Europarlamentuak izango du azken hitza, 2024an.

Ehunka migratzailek erabilitako hamarnaka ontzi, Lampedusan (Italia), joan den astean. GONZALO SANCHEZ / EFE
maddi iztueta olano
2023ko urriaren 4a
19:07
Entzun

EB Europako Batasuneko estatu kideetako Barne ministroek hiru urte eman dituzte blokeko migrazio eta asilo legeen erreformak eztabaidatzen. Azkenean, atzo adostu zuten Migraziorako Itunean negoziatzeko falta zuten azken puntua, hain zuzen, migrazio krisi posible bati aurre egiteko nola jokatu zehazten duena. Edonola ere, ez zuten EBko Barne ministroek adostu, estatu kideetako enbaxadoreek baizik, Bruselan. Hala, estatu kideetako gobernuek baimena izango dute krisi posible batean neurri «zorrotzagoak» hartzeko. Horien artean, adibidez, beren eskaerak aztertzen ari diren bitartean asilo eskatzaileek mugan luzaroago egon behar izatea; eta, itzulera prozesua amaitu arte, asilorik lortzen ez duten migratzaileak luzaroago atxilo izatea —hamabi asteetakoa da egun epea—.

Era berean, adostutako erreformak nolabait kolokan jartzen du aurrekoa. Joan den ekainean adostutako neurriak migratzaileei eta asilo eskatzaileei erantzun bat ematera behartzen zituen talde komunitarioko gobernuak. Bi aukera aurkeztu zituzten: kontinentera iristen ziren 30.000 asilo eskatzaile urtero euren artean banatzea, eta, bestela, ukatzen zuten iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaintzea. Migrazio krisi bati aurre egiteko, ordea, krisia jasaten ari den estatuak aukera du estatu kide bati laguntza eskatzeko, baina estatu horrek ahalmena izango luke lagundu edo ez erabakitzeko.

Eta laguntzekotan, hori egiteko hiru modu zehaztu dituzte dokumentuan: iheslari batzuei euren herrialdean asiloa ematea, krisia jasaten ari den estatuari asilo eskatzaileen izapideak tramitatzen laguntzea, eta, azkenik, laguntza ekonomikoa ematea. Edonola ere, hiru neurri horietako bat abian jarri baino lehen, Europar Kontseiluak onartu egin beharko du.

Migrazio krisi posible bati nola erantzun zehazteaz aparte, kontzeptu hauxe gehitu dute dokumentuan: migrazioaren instrumentalizazioa. Hori egitea litzateke, adibidez, herrialde bat «ezegonkortzeko» asmoarekin, herrialde horretara milaka migratzaile bidaltzea. Italiak hala eskatuta gehitu dute kontzeptua. Eta horren harira, beste eskaera bat ere egin du Erromak, zera: giza laguntza ematen duten GKE gobernuz kanpoko erakundeak, instrumentalizazio horren saiakeratzat jotzea.

Zenbait GKEk salatu dute neurri horiek «migrazioaren krisia bera baino eskala handiagoko krisi bat» eragin zezaketela. Batez ere, iheslariak mugan geldi edo atxilo «denbora luzez» izaten badituzte. Baina Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenen arabera, «iraultzailea» da EBk adostutako Migraziorako Ituna.

Bide luzeko negoziazioak

Tirabira handiko egunen ondoren iritsi da akordioa. Espainiako jarduneko Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak jakinarazi zuenez, joan den astean dagoeneko ados zeuden blokeko ia barne ministro guztiak. Baina Italiako Barne ministroak dokumentua blokeatu zuen behin-behinean, akordioa bere gobernuko kideei aurkeztu, eta horiek baiezkoa eman arte.

Hain justu, EBko migrazioaren aferaren erdigunean dagoen herrialdeetako bat da Italia. Azken asteotan ehunka migratzaile iritsi dira hango Lampedusa uhartera; eta, oraingoz, iritsierek ez dute ia etenik. Auzi horren harira, Italiak Alemaniarekin egin du talka negoziazioetan, Olaf Scholz buru duen gobernuak finantzatu egiten baititu erreskate horietan parte hartu duten zenbait erakunde.

Azkenean, bai Alemaniak, bai Italiak, baiezkoa eman diote erreforma sortari. Baina kontra bozkatu dute Hungariak eta Poloniak —ekainean onartutako erreformen bozketan ere hala egin zuten—, eta abstenitu egin dira Austria, Txekiar Errepublika eta Eslovakia.

Edonola ere, oraingoz, ituna ez da behin betikoa. Europako Parlamentuari aurkeztea da eman beharreko hurrengo pausoa; gero, eztabaidak hasiko dituzte, eta, azkenik, erreformak bozkatuko dituzte; ziurrenik, 2024an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.