UIAAk arbuiatu egin du alpinismoaren historia aldatzeko ahalegina

Alpinismo Elkarteen Nazioarteko Batasunak (UIAA) adierazpen bat kaleratu du, eta gaitzetsi egin du historia auzitan jartzeko saioa eta Reinhold Messner, Jerzy Kukuczka, Erhard Loretan, Alberto Iñurrategi, Edurne Pasaban, Juanito Oiarzabal eta beste hainbat alpinista hamalau zortzimilakoen zerrendatik ezabatzeko asmoa.

Reinhold Messner Everest tontorrean, 1978ko maiatzaren 8an, Peter Habelerrekin batera oxigenorik gabeko lehen igoera egin ondoren. R. MESSNER
ramon olasagasti
2023ko urriaren 6a
09:41
Entzun 00:00:0000:00:00

Himalaiako urak bere bidera itzuliko ote dira? Erberhard Jurgalski dokumentalistak eginiko ikerketa eta neurketa zehatzen ondotik mendi munduan sortu den burrunbaren berri eman zuen BERRIAk Hamalau zortzimilakoen historia ezbaian? erreportajean. Teknologia berriekin eginiko neurketa zehatz horien arabera, Manaslu, Annapurna eta Dhaulagiri zortzimilakoen gailurrak ez dira orain arte uste zirenak, metro gutxi batzuk harago edo honago daude, eta, beraz, historian zehar zortzimilako horietara igo diren alpinista gehienak ez dira mendiaren puntu gorenera igo. Tartean leudeke Reinhold Messner, Jerzy Kukuczka, Erhard Loretan, Krzysztof Wielicki, Gerlinde Kaltenbrunner edo Nives Meroi, besteak beste, eta tartean leudeke hamalau zortzimilakoak igo dituzten hiru euskal mendizaleak ere: Juanito Oiarzabal, Alberto Iñurrategi eta Edurne Pasaban.

Orain arte hamalau zortzimilakoen zerrendan dauden alpinista gehienak garai hartako erreferentziei eta aurrekoen urratsei jarraituz igo izan dira mendi horien tontorretara, eta, beraz, ez da inolako asmo txarrik izan. Iñurrategi eta Pasaban garbi mintzatu ziren: «Gu igo ginenean, gailurrak horiek ziren; jakin bagenu metro batzuk aurrerago zeudela, saiatuko ginen haietara igotzen». Jurgalski eta haren taldea, ordea, zorrotz dabiltza, eta, haien arabera, ezin da esan alpinista handi horiek gailurrera iritsi zirenik. Reinhold Messnerri dagokionez, Annapurnako punturik altuenetik 65 metrora eta desnibelean 5 metro beherago geratu zen, Jurgaslkiren arabera betiere. Juanito Oiarzabal, Alberto Iñurrategi eta Edurne Pasabani dagokienez, Manaslun, duela gutxira arte gailur nagusitzat hartzen zen puntura igo ziren (gerora egiaztatu da 30 metrora dagoela Manasluko gailur-gailurra).

Alpinisten artean dabiltzan galderak dira: hain zehatz eta zorrotz jokatu behar ote da? Metro gutxi horien gorabeheragatik ukatu ote daiteke gailur bat, jakinik orduko erreferentziak beste batzuk zirela eta garai hartan ez zegoela egun dagoen teknologiarik puntu altuena zein zen zehazteko? Ezin ote dira gailur horiek ontzat eman? Ezabatu ote daitezke alpinista handi horiek guztiak hamalau zortzimilakoen zerrendatik, hainbeste urtetako ahaleginaren ondotik, eta, areago, alpinismoaren historiako hainbat igoera gogoangarri egin ondoren? Ezbaian jarri ote daiteke himalaismoaren historia bera? Alberto Iñurrategik adierazi zuen moduan, «kontsiderazio kontu bat da, historiaren zer interpretazio egiten dugun». Baina korapilo horretan bada beste mizto bat ere: interpretazio hori nork egin behar du? Nork erabaki behar du aurreko igoera horiekin guztiekin eta hamalau zortzimilakoen orain arteko zerrendarekin zer egin? Zeinek eman behar ditu ontzat orain arteko igoerak edo zeinek esan behar du ez direla balekoak?

Jurgalskik eta 8000ers.com webguneko kideek diote beraiek datuak baino ez dituztela eman, ez dagokiela beraiei historia berridaztea, eta historialarien ardura dela hori. Alabaina, ez dago halako historialaririk, ez eta nahas-mahas honetan erabaki irmo bat har lezakeen organismo ofizialik, eta, ondorioz, datu hotzak ari dira nagusitzen.

UIAAren adierazpena

Inork izatekotan, Alpinismo Elkarteen Nazioarteko Batasunak (UIAA) izan lezake auzi honetan argi pixka bat egiteko adinako itzala, eta, gaiak hartu duen munta ikusirik, adierazpen bat kaleratu du. Idatzi horretan, UIAAk arbuiatu egin du “alpinismoaren historia kolokan jartzea”; ez du bidezkotzat jo Jurgalskiren eta haren lantaldearen ikerketan oinarrituta hainbat alpinista historiko hamalau zortzimilakoen orain arteko zerrenda horretatik kanpo uztea, eta babesa adierazi die alpinista aitzindari horiei guztiei. Argi mintzatu da UIAA. Ikusi beharko da, beraz, adierazpenak zer bide egiten duen eta azkenean zertan bukatzen den auzia.

Hauxe da UIAAren adierazpena:

«Orokorrean, 8.000 metrotik gorako hamalau tontorrek balio historiko ikonikoa dute. Modu askotan alpinismoaren mundutik haratago doa balio hori, eta kultura unibertsalaren baitakoa da.

Reinhold Messnerrek 1986an 14 zortzimilakoak osatu zituenean, goraipatua izan zen gertaera horregatik, baina, agian, horregatik baino gehiago, erronka hori lortu zuen moduagatik, gehienek posible zela pentsatu baino lehen. Oxigenorik gabe, askotan bakarrik eta maiz ibilbide berriak irekitzen igo zituen zortzimilakoak. Messnerrek era askotara jaso du horren aitortza; besteak beste, UIAAko Ohorezko Kide izatearen saria jasota.

Haren balentriak jasotako errekonozimendu guztiak merezi ditu, nahiz eta haren lorpenak berriki Errekorren Guinnes Liburutik ezabatu diren. Orain esatea haren lorpenak ez direla hain laudagarriak edo ez dituela hamalau igoerak bete bidegabea eta irrazionala da. Batez ere kontuan izanda 8.000 metroko tontor batzuen gailur nagusitzat hartzen dena aldatu egin zitekeela gerozko urteotan.

Messnerrek berak esan du ez zuela errekor bat bilatzeko egin, alpinismoaren onerako baizik: «Hau da nire azken adierazpena alpinismoaren errekorrei buruz! Ez dira existitzen! Inoiz ez dira egongo alpinismo tradizionalean! Mundu honetako horma handietan bere esperientziak bizi dituen alpinista bakoitza estimatzen dut. Hori da bizitza. Alferrikakoaren konkistatzailea naiz eta izaten jarraitzen dut, baina hainbeste lortu dut nire bizitzan, gaur egun harro esan dezaket gizon zoriontsua naizela».

UIAAk arbuiatu egiten du alpinismoaren historia aldatzeko ahalegin hori, eta erabateko babesa adierazi nahi die Reinhold Messnerri eta alpinismoaren beste aitzindari batzuei, "haien lorpen handiak ezin baitira inolaz ere zalantzan jarri”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.