Ikusle bat Ipuruatik bota dute Palestinako bandera bat erakusteagatik

EH Bilduk galdera egin dio Segurtasun Sailari argitzeko zein legeren arabera ari zaien Ertzaintza Palestinarekiko elkartasun zeinuei jazartzen.

Ipuruako segurtasun zerbitzuak eta Ertzaintza zalea botatzen, gaur, Eibarren (Gipuzkoa). BERRIA
Paulo Ostolaza - Edu Lartzanguren
2023ko urriaren 15a
19:49
Entzun

Eibarko (Gipuzkoa) Ipurua futbol zelaiko segurtasun zerbitzuek eta Ertzaintzak zale bat kanporatu dute Palestinako bandera bat erakusteagatik. Eibarren eta Huescaren arteko partidan gertatu da, Espainiako Bigarren Mailan. Ikuslea bota bitartean, «kanpora, kanpora!» eta «Palestina askatu!» oihuak entzun dira.

Eibarko segurtasun zerbitzuak agindu zion jarraitzaileari bandera gordetzeko. Hark ez zien men egin, eta orduan Ertzaintzari deitu zieten. Ertzaintzak esan du isuna jarriko diotela Eibarren jarraitzaile palestinazaleari.

Futbol klubak Euskadi Irratiari adierazi dioenez, Espainiako ligak agiri bat bidali zuen aurrekoan, Palestinako bandera erretiratzeko aginduz. Eibarrek esan du antzeko zentsura ekintzak egin zituztela beste zelai batzuetan asteburuan.

Halere, Ipuruan bertan Israelgo ikurra ikusi zen atzo, arazorik gabe. 2015. urtean sorturiko Israel-Eibar peñak Israelgo banderako Dabiden izarra zuen pankarta batekin joan ziren Ipuruara, eta Eibarren zuzendaritza zoriondu dute sare sozialetan Palestinako ikurrei jazartzeagatik. «Hogei garaipen baino gehiago balio du horrek» idatzi dute, Ertzaintzaren neurriaren bideoa lagundutako mezu batean.

Zentsura ekintza ari da lehenengo erreakzio politikoak sortzen. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak iragarri egin du galdera egin diola Barne Sailari, argitzeko zein legeren arabera hartu duen neurri hori Ertzaintzak, besteak beste, eta gogoratu du Polizia lehen ere palestinarrekiko elkartasunari jazarri izan zaiola hainbat kasutan. Horien artean aipatu du iazko Hapoel Holon futbol taldeko zale ultrek Bilbon eginiko erasoak.

Ez da Palestinako zentsura ekintza bakarra izan azken egunotan, joan zen asteartean, Frantziak Ipar Euskal Herrian duen ordezkariak Palestinako bandera kentzera behartu zuen Mauleko Udala. Maule Zisjordaniako (Palestina) Balata errefuxiatu eremuarekin senidetu zutenean jarri zuten, eta hainbat hilabetez egon da eraikin ofizialean. Mauleko alkate Louis Labadotek esan zuen «gogo txarrez» obeditu zuela prefeturaren agindua, eta Palestinako ikurra berriz jarriko duela agindu zuen, «garaia heltzen denean».

Palestinako banderak ikur nazionaltzat hartu zuen 1964. urtean Palestina Askatzeko Erakundeak, eta 1988an hartu zuten ofizialki Palestinako Estatuko ikurtzat. Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea Nazio Batuen Erakundearen egoitzan jarri zuten lehen aldiz 2011n, herrialdea kide gisa onartu zutenean, eta Nazio Batuen Erakundearen egoitzan ere badago, 2015. urtetik.

Jazarpena Europan

Europako hainbat herrialdetan ari dira Palestinarekiko elkartasun keinuak eta zeinuak debekatzen.

Palestinako bandera erakustea edo palestinarren askatasunaren alde oihu egitea «delitu kriminal» gisa hartzeko esan zien poliziako buruei Suella Braverman Erresuma Batuko Barne ministroak. Bravermanek hitzez hitz esaten du arazoa ez direla bakarrik Hamas erakundearen ikurrak edo haren aldeko leloak, baizik eta «Palestinaren aldeko zeinu» oro.

Braverman galarazten saiatu arren, Palestinako milaka bandera ikusi ziren larunbatean Londresko erdialdean. Israelek Gazaren kontra abiaturiko erasoaren aurka manifestazioa egin zuten milaka herritarrek.

Alemanian, ez soilik banderak, Palestinako zapiak ere kentzen aritu da Polizia asteburuetako protestetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.