Hapoel Holongo jarraitzaileen bisitan Ertzaintzaren jarrera «egokia» izan zela dio Erkorekak

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen galderei erantzunez, erasoen biktimak Hapoel Holon saskibaloi taldeko jarraitzaileak izan zirela adierazi du Segurtasun sailburuak

Hapoel Holongo jarraitzaileak, San Anton zubiaren inguruko liskarretan. ERNAI BILBO
inaut matauko rada
2022ko ekainaren 9a
15:35
Entzun

Joan den maiatzaren 8an, saskibaloiko Txapeldunen Ligako hirugarren postua erabakitzeko partida jokatu zuten Israelgo Hapoel Holonek eta Alemaniako Ludwigsburgek, eta partidaren aurretik jarraitzaile israeldarrek eraso sionistak egin zituzten Bilboko Alde Zaharreko taberna eta pertsona batzuen aurka. Tabernen terrazen aurka egin, bengalak jaurti eta Palestinako bandera bat erre zuten, besteak beste. Guztira bi pertsona atxilotu zituzten egun horretan, baina ez ziren israeldarrak.

Liskar horiei eta Ertzaintzaren kudeaketari buruz idatzizko sei galdera egin dizkio Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, eta atzo erantzun zituen. Lehenik eta behin, Erkorekak nabarmendu du gezurra dela Hapoel Holongo jarraitzaileek «Bilboko kaleei, ostalaritza establezimenduei eta pertsonei» eraso zietela, eta nabarmendu du jarraitzaile israeldarrak izan zirela biktima. Sailburuaren arabera, Hapoel Holongo jarraitzaileak Miribillara bidean zeudela, San Anton zubia pasatuta, bidea mozteko asmotan pertsona batek zinta bat luzatu zuen kalearen alde batetik bestera. Jarraitzaileak zinta kentzera joan zirenean Bilbo Zaharra kaletik pertsona batzuek botilak bota zizkiela gehitu du Erkorekak.

Jarraian, israeldarrek atzera egin ostean, «pertsona batek Amets tabernako aulki bat bota zien» jarraitzaileei, eta elkarri objektuak botatzen jarraitu zuten, sailburuaren arabera. Ertzaintzak gertakarien inguruko lehen abisua 15:48etan jaso zuen, eta 15:51ean egoera kontrolatuta zegoen. Hori jakinda, Ertzaintzaren jarduera «egokia, azkarra eta eraginkorra» izan zela nabarmendu du Erkorekak.

Partida amaitzean izan ziren bi atxiloketak. Lehena 20:00 baino lehentxeago izan zen Villarias eta Buenos Aires kaleen artean. Antza denez, lau pertsona Hapoel Holongo jarraitzaile baten aurka oldartu ziren, eta aulki bat jaurti eta zaleari bekainean zauri bat egiteagatik pertsona bat atxilotu zuten. Ertzaintzak Areatzako NYX hoteleraino eraman zituzten jarraitzaile israeldarrak, baina, Segurtasun Sailaren arabera, ehun pertsona inguruk jarraitu egin zituzten, eta «zaleen aurkako irainak» oihukatzen hasi ziren. Orduan atxilotu zuten bigarren pertsona, «hotelaren kristalak kolpatzeagatik eta poliziei modu larrian desobeditzeagatik».

Arriskuen analisi «egokia»

Arzuagak lauko finalean parte hartu zuten taldeen jarraitzaileen arrisku maila ea aurrez aztertu zuten galdetu zion Erkorekari, eta Esquadra Mossoen eta Espainiako Poliziaren laguntzaz zaleen analisia egin zuten, ondoren polizia operazioa ezartzeko. «Bertaratutakoei, parte hartzaileei eta epaileei segurtasuna bermatzeko» egin zuten segurtasun hedatzea «egokia eta eraginkorra» izan zela nabarmendu du.

Hapoel Holongo jarraitzaileek «gertakari aipagarri bakar batean» parte hartu zutela dio sailburuak: «Nagusiki magrebtarrez osatutako talde baten aurkako liskarra eragin zuten maiatzaren 8an, San Anton zubiaren inguruan». Nahiz eta eraso arrazista horren existentzia onartu, Erkorekak adierazi du Ertzaintzak «bertaratutakoen artean ekintza biolentoak, arrazistak eta xenofoboak gertatzea» ekidin zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.