Amiantoa

«Ekoizpena osasunaren aurretik» jartzea leporatu diote CAFi

Amiantoarekin lan egin izana «ez dela istripu bat» salatu du CAFeko enpresa batzordeak eta egoera honek langileak ez dituela «ustekabean» harrapatu.

CAFeko enpresa batzodearen agerraldia, Beasainen (Gipuzkoa). IDOIA ZABALETA (FOKU)
Asier Gonzalez de San Pedro
2023ko urriaren 19a
14:56
Entzun 00:00:0000:00:00

Joan den abuztuan, CAFek Beasainen dituen bukaerako hiru lantegi itxi zituen, haietako bateko teilatua aldatzeko lanetan amiantoa agertu eta lantegian barreiatu zelako. Aste honetara arte, lantegiak itxita egon dira, baina astelehenean berriz ireki zituzten.

Abuztuaren 24an ohartarazi zioten prebentzioko ordezkariek enpresari 7., 8. eta 9. nabeetako langileak ezin zirela lanean hasi, nabe horiek amiantoz «zikinduta» zeudelako. Enpresak ez zien kasurik egin prebentzio ordezkariei. Abuztuaren 25ean Osalani deitu zioten, egoeraren berri emateko. Osalanek enpresarekin hitz egin zuen, eta enpresak esandakoari kasu egin ziola salatu dute batzordekoek. Langile batzuk —enpresak esanda— lanean egon ziren, astebetez, «amiantoz» zikindutako nabeetan. Osalanekoak enpresara astebete geroago «korrika eta presaka» bertaratu zirela esan dute, soilik, egoeraren berri zabaldu zenean.

«Nahi eta nahi ez» erantzukizunen bat hartu behar dela aldarrikatu dute batzordekoek. CAFeko enpresa batzorderentzat, gertatutakoa ez da «istripua» izan, eta adierazi dute langileak ez dituela «ustekabean» harrapatu. Esan dute zuzendaritzak amiantoarekin lanean jarri dituela hirurehun lankide inguru, eta «argi eta garbi enpresak ekoizpena langileen osasunaren aurretik» jarri duela. Egoera hori «oso larria» iruditzen zaie batzordekoei.

2002. urtetik, debekatua dago amiantoa lantegietan, eta administrazioaren protokoloek «huts» egin dutela gehitu dute, ingurumen azterketa egitea ez delako «nahikoa» ikusteko amiantorik dagoen ala ez. Osalanek ez die onartzen protokoloek huts egin dutela, eta salatu dute bere lana justifikatzen duela; egoera hau eragotz zitekeela diote. Azaldu dute oraingoan CAFen izan dela, baina ohartarazi dute amiantoa garbitu duten beste enpresa batzuetan ere gerta daitekeela.

7., 8. eta 9. nabeetako langileak amiantoaren esposizioaren zerrendan sartzeko eskatu dute, baita garbiketa lanetan ibili diren langile azpikontratatuak ere. Zortzigarren urtea da CAFek amiantoa garbitzen duela bere lantegietatik, eta batzordekoek «ezbaian» jartzen dituzte aurreko urteko garbiketa horiek. Horregatik, zortzi urte horietako langileak ere, amiantoaren esposizioaren zerrendan sartzea exijitu dute. Izan ere, gaixotzen badira eta zerrenda horretan sartuta baldin badaude, zuzenean gaixotasun profesionaltzat hartzen da; bestela, prozesu judizial luze bat hasi behar da.

Gaurko protesta «lehenengo pausoa» besterik ez dela eta «egoera argitzeko» behar diren pauso guztiak emango dituztela adierazi dute. Enpresa Batzordeak lan ikuskaritzan denuntzia bat jarri duela gehitu dute. Enpresa batzordeak enpresari zazpi puntuko gidalerro bat eman dio —lau bete dituzte—, eta zazpiak bete arte mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.