Osasuna 2-0 Granada

Osasunak etxeko lehen garaipena lortu du, Granada mendean hartuta

Etxeko lehen garaipena lortu du Osasunak, Ante Budimirren bi golekin. Nagusitasunez garaitu du, Granada ahul baten aurka.

Ante Budimirren ospakizuna, bigarren gola sartu ondoren. IñIGO URIZ / FOKU
pettan uralde
2023ko urriaren 20a
23:09
Entzun 00:00:0000:00:00

Garaipena itzuli da Sadarreko futbol zelaira. Etxean irabazi gabe zegoen Osasunak 2-0 garaitu du beheko postuetan dagoen Granada, eta hamahiru punturekin geratu da sailkapenean. Ante Budimirren bi golek eman dizkiote hiru puntuak etxeko taldeari, eta Chimy Avilak aspaldiko partida onena jokatu du. Txapelketaren geldialditik bikain itzuli dira gorritxoak.

Egonkortu beharrean dauden bi talde elkartu dira Sadarren. Alde batetik, oraindik etxean irabazi gabe zegoen Osasuna arraro bat. Bestetik, etxetik kanpo irabazi gabe zegoen Granada igo berri bat. Jagoba Arrasateren Osasuna beti izan da Sadar gotorleku bilakatu duen talde bat, eta harritzekoa zen oraindik hiru puntu lortu ez izana beren zaleen aurrean. Aipatzekoa, hala ere, partida horietan izan dituen aurkariak: Athletic, Brujas (Konferentzia Liga), Bartzelona, Sevilla eta Atletico Madril. Beraz, Granadaren aurkako hau, egutegian gorriz markatuta zuten gorritxoek.Granadak, bere aldetik, talde igo berriaren komeriak jasan ditu denboraldiko lehen partidatan, eta etxetik kanpo lortutako puntu bakarra Almeriaren aurka izan zen.

Ikusi gehiago:Osasunako zaleek dozenaka Palestinako bandera atera dituzte Sadarren, Granadaren aurka

Osasunak ezin zuen barkatu, eta gutxiago Granada bezalako talde baten aurka. Gainera, guztiz sendatu den Moi Gomez berreskuratu du Arrasatek hamaikakorako. Aitzakirik ez, garaipenaren bidera itzultzeko. Arrasatek berak, «etxean puntuak gehitzeko momentua» iritsi zela, eta horretarako lehen aukera Granadaren aurkako partida zela ohartarazi zuen prentsaurrekoan.

Esan eta egin. Lehen minutuetan Granada menperatu, eta 11. minutuan sartu du gola Ante Budimirrek. Zenicako zisneak 2027ra arte luzatu berri du kontratua talde gorritxoarekin, eta eskertza, gol polit batekin egin du. Asistentzia, Chimy Avilarena izan da. Inork gutxik ikusi duen pasea eman dio aurrelari kroaziarrari, eta honek bikain sartu du Granadaren sarean. Golaren ondoren nabarmen moteldu da bi taldeen jokoa, baina Sergio Herrerak bizpahiru alditan gelditu behar izan ditu Granadaren erasoak.

Atsedenaldiaren ondoren, eta Osasunaren erasoko lehen jokaldian, horrelako partidak ixteko hain lagungarria den penaltia lortu du etxeko taldeak. Protagonista, berriro ere, Ante Budimir. Chimy Avilak, Balkanetako aurrelaria aurkitu du beste behin, eta Ferreira atezainaren aurrean geratu da. Biek talka egin dute, baina epaileak ez du penaltia ikusi. VAR-a izan da, kasu honetan, urratzea ikusi eta epailea ohartarazi duena. Hamaika metroetatik Budimirrek jaurti du baloia, atezaina engainatuta, eta kontrako aldetik sartuz. Hortik aurrera, Osasuna errez gailendu da, eta gol bat baino gehiago sartzeko aukera izan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.