Realaren eta Osasunaren zaleek Palestinako dozenaka bandera atera dituzte harmailetan

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren debekuari aurre eginez, Indar Gorri egon ohi den hego harmailan Palestinako banderak erakutsi eta «Palestina aurrera» oihukatu dute. Weissman Granadako jokalari israeldarrak ez du jokatu, «segurtasun aholku» batengatik. Anoetan ere atera dituzte Palestinako banderak Bultzadaren harmailan.

Osasunako zalek, atzoko partidan, Palestinako banderak eskuan. JESUS DIGES, EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Pettan Uralde
2023ko urriaren 21a
07:20
Entzun

Osasunaren zaleek dozenaka Palestinako bandera atera zituzten atzo hego harmailan, Granadaren aurkako partidan. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak aurretik jakinarazi zuen zaleak miatu eta kendu egingo zizkiela Palestinako eta Israelgo banderak zaleei, «istiluak saihesteko». Espainiako Kirol Bulego Nazionalaren berariazko agindua jaso zuen Osasunak bandera horiek kentzeko. Kirol ikuskizunetako segurtasunaz arduratzen da erakunde hori. Osasunak idatziz erantzun zuen ez dagoela ados neurri horrekin, bandera horiek estatu ofizialetakoak direla eta erabat legezkoak direla argudiatuz. Hori dela eta, bandera horiek atzematea zaleen eskubide zibilen aurkako erasoa izan litekeela adierazi zuen. Azkenean, ordea, debekuari aurre egin zioten zaleek, eta nabarmen ikusi ziren Indar Gorriko kideak egon ohi diren harmailan: Palestinako banderak erakusteaz gain, «Palestina aurrera» oihukatu zuten. 2-0 irabazi du Osasunak partida.

Futbol zelaian ere izan zen berritasunik Osasuna-Granada partida horretan. Shon Weissman Granadako jokalaria ez baitzen Iruñean izan partida jokatzeko, «segurtasunagatik». Espainiako COPE irratiaren arabera, «kanpoko segurtasun aholkua» jaso du Granada taldeak, eta horren zuzendaritzak jokalariarekin adostu du Sadarren ez jokatzea. Hedabideak gaineratu dutenez, Osasunaren «muturreko zaleenekin aurrez aurrekoa» saihestu nahi dute neurriarekin.

Ikusi gehiago:Euskal Herrian ere debekatu dituzte elkartasun keinu batzuk

Israelen erasoaldia hasi zenetik, eztabaidagai da Weissman. Izan ere, palestinar zibilak hiltzeko eskatu du sare sozialetako hainbat mezutan, eta «Gazan 200 tona bonba» botatzeko. Mezu horiek direla eta, urriaren 13an Granadako eta Palestinako herritar batzuek fiskaltzan salatu zuten Weissman, «gorroto delituarengatik».

Osasunaren zale bat, atzo, Palestinako bandera duen zapi palestinar bat astintzen, Osasunaren goletako bat ospatzeko. Jesus Diges, EFE

Ikusmin handia dago asteburu honetan Espainiako Ligan harmailetan Palestinako banderarekin gerta daitekeenarekin. Joan den asteburuan Ipuruan segurtasunaz arduratzen diren zaindariek eta Ertzaintzak Palestinako bandera bat kendu zioten Eibarko jarraitzaile bati, eta kanporatu egin zuten, Huescaren aurkako partidan. Isun bat jarri diote zale horri.

Ehun: «Genozidio baten testigu gara»

Ez da Sadar futbol zelai bakarra izan. Anoetan ere, Realaren eta Mallorcaren arteko partidan, Bultzadaren harmailan zaleek Palestinako hainbat bandera atera dituzte. Euskadi Irratiak atzo iragarri zuenez, klubak ez zuen harmailetan banderarik erretiratzeko asmorik. Zaleek banderak atera dituztenean, ordea, segurtasun zerbitzuko zaindari batzuk horiengana joan dira. Inguruan zeuden zaleak kexatu egin dira, eta azkenean segurtasunekoak joan egin dira. «Palestina askatu», oihukatu dute zaleek.

Ehun mugimenduak bere gain hartu du protesta hori, eta jakinarazi du partidaren atarian futbol zelaiaren kanpoaldean Palestinako mila bandera banatu dituela, «palestinar erresistentziaren eskariekin bat egiten dugula esan eta Israelekin erlazio guztiak moztu eta boikota egin behar zaiola adierazteko»: «Erresistentzia palestinarraren eskariekin bat egiten dugu. Israelekin mota guztietako erlazioak moztu eta boikoterako deia egiten dugu, beraz. Akordioa ez dago gure esku, Israelekin erlazioak moztu eta boikota egitea, aldiz, bai».

Realaren zaleak, Anoetan, Palestinako banderarekin, Mallorcaren aurkako partidan. Juan Herrero, EFE

Partida hori Donostian Palestinari elkartasuna erakusteko gaur egingo den manifestazio nazionalaren aurretik jokatu da. Gernika-Palestina ekinaldi herritarrak deitu manifestaziora. Afera Eusko Legebiltzarrera iritsi da: «Zer dela-eta jazarri zaio Ertzaintza zaleei? Zer legeren eta zer artikulu edo paragraforen arabera?», galdetu dio Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak idatziz Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari. Athleticek eta Alavesek kanpoan jokatuko dute jardunaldi honetan.

Ikusi gehiago:Larrepetit. Ander Perez Argote: «Ni ez noa»

Israel Gazan egiten ari den erasoaldiak agerian utzi du beste behin Espainiako Ligaren jarrera nazioarteko gatazketan. Ukrainako gerra hasi zenean, hainbat ekinbide abiatu zituen Errusiaren erasoaldia salatzeko. Palestinako bonbardaketekin, ordea, oso bestelakoa da jarrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.