Manifestazio nazionalera deitu dute Bilbon, Palestinari elkartasuna adierazteko

Herri mugimenduko eragile andanak larunbatean mobilizatzeko deia egin du. Palestinarren «erresistentziarako eskubidea» aldarrikatu dute, eta Israelen «genozidioa» salatu.

Manifestaziora deitzeko agerraldia, gaur goizean, Bilbon. RAUL BOGAJO / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko urriaren 23a
17:13
Entzun

Euskal Herriko hainbat eragilek manifestazio nazionala antolatu dute larunbat honetarako, Bilbon, «Palestinari elkartasuna adierazteko, sionisten genozidioa salatzeko eta herri palestinarraren erresistentzia eskubidea» aldarrikatzeko. 18:00etan abiatuko da mobilizazioa, Jesusen Bihotza plazatik.

Deitzaileek salatu dute Israel Gazan etengabeko bonbardaketak egiten ari dela palestinarren aurka, eta blokeo «krudela» ezarria diela. «5.000 palestinar baino gehiago erail dituzte, horien herenak umeak. Azpiegitura zibilak bonbardaketen jopuntu dira, eta, gainera, ur, argi eta janari hornidurak eten dizkie estatu sionistak», adierazi dute. «Eta larriena da Mendebaldea genozidio eta gerra krimen hau guztia gidatzen eta babesten ari dela berriro ere».

Ikusi gehiago:Elkartasun oldeak gainezka egin du Donostian

Horrez gain, ohartarazi dute Israelen erasoa ez dela Gazara mugatua, eta «israeldar kolonoen eta okupazio indarren biolentzia» Zisjordaniaren aurkakoa ere badela. Deitzaileek nabarmendu dute egunean laurehun palestinar baino gehiago atxilotzen dituztela lurralde horretan, 70etik gora palestinar erail dituztela, eta sua eman dietela palestinarren baliabide materialei eta lurrei.

Azken asteetako gertakizunak eta «Gazako genozidioa» salatzeaz gain, hamar puntuko manifestu bat aurkeztu dute. Lehenik eta behin, perspektiba historikoa eman nahi izan diote gaur egungo koiunturari: «75 urte luzez Palestinan estatu sionistaren eskutik etorri diren kolonialismoa, apartheida eta garbiketa etnikoa eta Gazaren aurka 15 urte baino gehiago iraun duen blokeoa» aipatu dituzte. Alde horretatik, Palestinarekiko elkartasuna kriminalizatzeak eta toki publikoetan Palestinako bandera erakusten ez uzteak erakusten du «kontakizun hegemonikoa okerra» dela, deitzaileen aburuz. «Ez da 'Hamasen aurkako guda' bat, herri baten genozidioa eta harekiko elkartasun keinuen aurkako jazarpena eta errepresioa baizik».

Israel zilegi egiten duten Mendebaldeko gobernuen, enpresen eta alderdi politikoen «konplizitatea eta kolaborazioa» ere salatu dituzte manifestazioaren antolatzaileek. «Horrez gain, seinalatu behar ditugu bakearen izenean alde bietatik biolentzia etetera dei egiten duten diskurtsoak eta zapaltzaile eta zapalduak parekatzen dituztenak. Horrek palestinar erresistentzia kriminalizatu besterik ez du egiten, eta Israel zilegi egin».

«Erresistentziarako eskubidea»

Deitzaileek erran dute urterik «odoltsuenetakoa» izan dela 2023a Palestinarentzat. Jeninen, Nablusen eta Jerusalemen jasan dituzten inbasio militarrak aipatu dituzte, maiatzean Gazan izandako erasoa, eta lurralde okupatuetan kolono israeldarrek gizarte zibilaren aurka baliaturiko «biolentzia basatia»; eta deitoratu dute horiek guztiek prentsako tituluetan leku handirik ez izatea. «Israelgoa historiako gobernurik faxistenetakoa da. Jakina da bere ultraeskuindar ministro sionista batzuek Palestinaren kolonizazio totala eta palestinarren kanporaketa dutela helburu».

Hala, azpimarratu dute palestinar herriak okupatzailearen aurkako «erresistentziarako eskubidea» daukala, «honek har ditzakeen forma eta adierazpen guztietan». Deitzaileen hitzetan, herri baten autodefentsarako erresistentzia ezin da parekatu entitate militar kolonial inperialista batenarekin. «Estatu genozidari boikota, desinbertsioak eta zigorrak ezartzeko garaia da. Ezin ditugu normaltzat jo gure kaleetan gero eta presenteago dauden adierazpen sionistak, ezta sionismoarekin harreman ekonomiko, politiko eta instituzionalak izatea ere».

Mobilizazioaren antolatzaileek diote irtenbidea Israelgo estatu sionista desagerpenarekin lotuta dagoela, deskolonizazio prozesu batekin; «ibaitik itsasora arteko Palestina aske baten eraikuntzari, errefuxiatutako eta erbesteratutako palestinarren itzulerari, eta palestinar preso politiko guztien askatasunari» bide eman beharko diela deritzote. Elkartasuna adierazi diote Palestinako herriari, eta «errespetua eta miresmena» adierazi diete palestinarrei, beren lurraldean eusteko adierazi duten «borondateagatik eta duintasunagatik».

Beste protesta bat Baionan

Egun bereko, beste manifestazio batera deitu dute Baionan. 17:00etan eginen da, tren geltokitik abiatuta. «Nazio Batuen Erakundeak Israelgo estatuaren gerra krimenak hainbat aldiz kondenatu baditu ere, gobernuak geroz eta indar handiagoarekin jokatu du azken urteetan. Palestinako herria apartheidetik genozidio batera pasatzen ikusi dugu. Gaza aire zabaleko presondegi bat da, eta laster hilerri erraldoi bilakatuko da», adierazi dute deitzaileek agiri batean.

Salatu dute Frantziako Gobernuak Palestinarekiko elkartasun oro debekatzen duela. «Errealitatea desitxuratzeaz gain, terrorismo hitza baliatuz, palestinarren eskubideen aldeko borroka eta antisemitismoa nahitara nahasten dituzte, errepresioa zilegi egiteko. Edozein erresistentzia mugimendu terrorismotzat kalifikatu, eta, hala, estatu arrazismo estrukturala indartzen dute. Funtsean, beste urrats bat autoritarismoaren bidean, aho bakarrez hedabide guziek zabaldurik». Adierazi dute palestinarren «erresistentzia mugagabearekin» bat egiten eta mobilizatzen segituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.