Nestor Rego

«Zintzoki esanda, ez gara askorik fidatzen PSOEz»

Espainiako Kongresuko BNGren diputatu eta bozeramaileak konfiantza ageri du hasi berri den legegintzaldiaz aritzean: uste du «egungo testuinguruan» presio egiteko «gaitasun handiagoa» duela Galiziako alderdi subiranistak.

jarraia235141.jpg
ander perez zala
2023ko azaroaren 14a
09:50
Entzun

Hiru hauteskunderen ondoren, BNG Bloke Nazionalista Galiziarra 2019ko azaroko bozetan itzuli zen Espainiako Kongresura, aulki bat eskuratuta, eta eserleku horri eutsi dio aurtengoetan ere. Harrezkeroztik, Nestor Rego (Vicedo, Galizia, 1962) da Galiziako alderdi subiranistaren diputatu eta bozeramailea behe ganberan. Regok PSOEren eta UP Unidas Podemosen koalizio gobernuaren alde bozkatu zuen 2020an, baina kritiko da iragan legegintzaldiko bilana egiteko orduan, adosturiko gauza asko bete gabe geratu direlako. Edonola ere, BNGk beste akordio bat egin du sozialistekin; hori bai, soilik Pedro Sanchezen inbestidura saiorako. Gero gerokoak.

BNGren aulkiak balio handia du oraindik ere?

Agerian dago BNGren jarrerak pisu handia duela kualitatiboki; bai gure herrialdean, bai [Espainiako] estatuan. Gure herrialdean, BNG delako ordezkaritza duen indar politiko bakarra gai dena irizpideetan erabateko independentziarekin negoziatzeko, eta Galiziaren interesen eta herritarrenen arabera.

Eta, Kongresuan, honetarako garaia delako: gehiengoak aliantzen eta konpromisoen araberakoak dira, aritmetika oso estua den honetan. Horrek ekintzarako gaitasun handia ematen digu, eta hori baliatzen dugu gure herrialdearen interesen alde egiteko. Besteak beste, estatuak Galiziarekin dituen politiketan diskriminazio eta defizit historiko handia izan delako; hori konpentsatu behar dugu.

PSOErekin berriz egin duzue akordio bat. Erraza izan da negoziatzea?

PSOErekin ez da inoiz erraza izan negoziatzea. Esperientzia luzea dugu afera horretan; Galizian, esaterako, hiru alderdik ordezkaritza badute, behartuta gaude ados jartzera, batez ere PPk [Alderdi Popularrak] nahikoa gehiengo ez badu. Hain justu, alderdi hori agintera irits ez dadin. Galiziako Gobernuari dagokionez egin genuen, 2005-2009ko aldian; eta, Kongresuari dagokionez, azken legealdian.

Ez da erraza. Edonola ere, badakigu PSOEn negoziatzea ez ezik adosturikoa betetzea ere badela zailtasuna. Badugu aurreko legealdiko esperientzia, 2020ko urtarrileko inbestidurakoa. Argiak eta itzalak ditu: eduki batzuk bete dira, edo betetzen ari dira; baina beste parte bat ez du bete [Espainiako] gobernuak. Uste dugu egungo egoeran presio egiteko gaitasun handiagoa dugula, aritmetika parlamentarioa estuagoa delako. BNGren botoa erabakigarria izango da, eta hori baliatuko dugu.

Baina aritmetika hori nahikoa da? Hau da: oraingoan baduzue nahikoa berme ituna beteko duela pentsatzeko?

Esfortzu bat egin dugu inbestidurarako akordioan neurri zehatzagoak jasotzeko, eta horiei buruzko egutegiak finkatzeko. Horrek balioko digu progresiboki ebaluatzeko ituna betetzen ari diren.

Bai, hori, berez, ez da berme bat. Berme bakarra da aritmetika oso estua dela, eta beste indarren menpe dagoela; lau urteotan BNGren botoa ezinbestekoa izango da. Horixe dugu berme bakarra. Egia esan, ez gara askorik fidatzen PSOEz. Baina konfiantza handiagoa dugu akordioak betearazteko gure gaitasunean.

Ohartarazi duzue ituna soilik inbestidurarako dela, eta ez datozen urteko negoziazioetarako. Mezu hori joan den legealdiko esperientziagatik da?

Ez. Gehienbat, hori zelako gure hasierako ikuspuntua. Testuingurua oso konplexua da, eta uste dugu ezin genuela legealdi osorako akordio bat egin; batez ere, ez ditugulako babesten PSOEren politika batzuk. Kasurako, nazioarteko politikan, Maroko babesten duelako Mendebaldeko Sahararen aferan, edo ez duelako salatzen Israel Palestinan egiten ari den genozidioa.

Baina egia da negoziazio hori inbestidurara mugatzeak balio digula aukera berriak irekitzeko. Adibidez, aurrekontuak; une hori baliatu beharko dugu gure herrialdearentzako justizia egiteko, inbertsioen aferan diskriminazio handia jasan baitu. Aldirietako trenak lortu ditugu orain, esaterako; hori estatuko beste toki batzuetan jada konponduta dagoen auzi bat da.

Inbestidurarako itunean, oro har, inbertsioetan, azpiegituretan eta eskualdatzeko dauden eskumenetan jarri duzue arreta. Ikuspegi sozioekonomikoan, ezta?

Bai, esan dudanarengatik. Guk oraindik bide bat egin behar dugu gure trenbideak modernizatzeko, zerbitzu berriak ezartzeko eta orain ditugunak hobetzeko... Politika sozialak ere jaso ditugu: gutxiengo pentsioak handitu ditugu, Espainiako Estatuko txikienak direlako; genero indarkeriaren bost auzitegi sortu ditugu, [Galiziako] probintzia bakoitzak gutxienez bat izan dezan...

Normalizazio linguistikorako neurri batzuk ere negoziatu ditugu, garrantzitsuak direnak. Autogobernuari dagokionez, estatutuan aurreikusitako eskumen asko oraindik eskualdatzeke daude; besteak beste, PPk hamalau urteotan ez duelako horrelakorik eskatu. Paradoxa bat da Galiziako Parlamentuan eta Espainiako Kongresuan autonomista ez den [Galiziako] alderdi bakarrak erreklamatzea eskumen horien transferentzia betetzea.

Estatus juridikoari dagokionez, zera adostu duzue: «Aintzat harturik Galizia, Euskadi eta Katalunia nazionalitate historikoak direla, estatuaren azpiegituraren aldaketa orok Galiziari bermatuko dio beste bien estatus berbera izatea».

Galiziaren, Kataluniaren eta Euskadiren estatus juridiko-politikoak, formalki, antzekoak dira, hiruretan aitortza konstituzional bat baitago, nazionalitate historiko gisa. Praktikan, ez da horrela; besteak beste, eredu desberdinak direlako eta guk geuk oraindik ere jasotzeko ditugulako eskumen asko.

Indar subiranista bat gara, eta gure helburu nagusia subiranotasuna da. Baina uste dugu pausoak eman behar direla, betiere galiziarren gehiengoaren babesarekin. Galiziako Parlamentura eraman genuen estatus berri baten proposamena; ez zen Galizia subirano posible horri buruzkoa, baina bazen erabakitzeko eskubidean salto handi bat ematen zuena. Egiazko federalismo moduko bat litzateke, esparru juridiko-politikoan koka daitekeena.

BNGk amnistia lege proposamenaren alde bozkatuko du?

Printzipioz, bai, noski. Horrela diot ez duuglako testuaren edukia ezagutzen [hori argitara atera aurretik egina da elkarrizketa], eta beti baita arriskutsua esatea ezagutzen ez duzun zerbaiten alde bozkatuko duzula. Dena den, iragarritako parametroetan bada, gure babesa izango du; guk argi dugu bizitza politikoa desjudizializatu behar dela, eta gatazka politiko bat bide politikotik bideratu behar dela, inoiz ez bide judizialetik.

Hori egitea aurrerapauso bat izango litzateke eskubide demokratikoen arloan eta askatasun publikoetan, 78ko erregimenaren testuinguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.