18/98 auzia

Espainiako Auzitegi Nazionalak '18/98 auziko' 46 lagun atxilotzeko agindua eman du

Orain arte Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Alberto Frias, Txema Matanzas, Jexux Mari Zalakain, Javier Salutregi, Mikel Korta, Iñaki O'Shea, Joxe Mari Olarra, Juan Mari Mendizabal, Natale Landa, Jose Luis Garcia Mijangos, Iker Casanova, Manu Intxauspe, Olatz Egiguren, Mario Zubiaga, Ruben Nieto, Joxean Etxeberria, Xabier Alegria, Juan Pablo Dieguez, Patxi Gundin, Pablo Gorostiaga, Elena Beloki, Xabi Otero, Sabino Ormazabal, Isidro Murga, Xabier Balantzategi eta Mikel Egibar atzeman dituztela jakin da (26 lagun). Auzitegiak dio gaur ez duela aterako sententzia. 52 euskal herritar epaitu zituzten, eta 4 eta 19 urte arteko kartzela zigorrak eskatzen dituzte haientzat. Alegriari 18 urteko kartzela zigorra jarri diote, Matanzasi 14koa, Mendizabali 13koa, Salutregiri eta Belokiri 12koa, Todari 10ekoa.

2007ko azaroaren 30a
20:32
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak 18/98 auziko 46 lagun atxilotzeko agindua eman du gaur, haiek ihes egiteko "arriskua" dagoela uste duelako, eta, Askatasunak esan duenez, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak orain arte Alberto Frias, Txema Matanzas, Jexux Mari Zalakain, Javier Salutregi, Mikel Korta, Iñaki O'Shea, Joxe Mari Olarra, Juan Mari Mendizabal, Natale Landa, Jose Luis Garcia Mijangos, Iker Casanova, Manu Intxauspe, Olatz Egiguren, Mario Zubiaga, Ruben Nieto, Joxean Etxeberria, Xabier Alegria, Juan Pablo Dieguez, Patxi Gundin, Pablo Gorostiaga, Elena Beloki, Xabi Otero Sabino Ormazabal, Isidro Murga,Xabier Balantzategi eta Mikel Egibar atxilotu dituztela jakin da (26 lagun).

Denak auzipetuta daude. ETAko kide izatea edo hari laguntzea egozten diete; delitu ekonomikoak ere leporatzen dizkiete. 4 eta 19 urte arteko kartzela zigorra eskatzen dituzte haientzat.

46 kide horien artean daude Ana Lizarralde eta Imanol Iparragirre, baina hauek urriaren hasieratik kartzelan dauzkate, Batasunaren kontrako operazioa dela-eta.

Arratsaldean jakin denez, Alegriari 18 urteko kartzela zigorra jarri diote, Matanzasi 14koa, Mendizabali 13koa, Salutregiri eta Belokiri 12koa, "buru egiteagatik". Teresa Todari, berriz, 10ekoa, "ETArekin kolaboratzeagatik".

Frias Gasteizen atzeman dute, Matanzas Soto del Real (Espainia) kartzelan -bisita bat egitera joana zen; 18:00etan bertan sartu dute-, O'Shea eta Casanova Barakaldon (Bizkaia), Beloki Hernanin (Gipuzkoa), Olarra Villabonan (Gipuzkoa), Korta Ordizian (Gipuzkoa), Mendizabal Elgoibarren (Gipuzkoa), Landa Arrasaten (Gipuzkoa), Mijangos, Egiguren, Gundin, Dieguez eta Nieto Bilbon, Intxauspe Oiartzun (Gipuzkoa), Zubiaga Durangon (Bizkaia), Etxeberria Errenterian (Gipuzkoa), Alegria Lezon (Gipuzkoa), Gorostiaga eta Murga Laudion (Araba), Otero Agoitzen (Nafarroa), Ormazabal Donostian eta Balantzategi lan egiten duen abokatu bulegoan -"sei edo zortzi polizia igo dira bertara paisanoz jantzita eta eraman egin dute", Askatasunak dioenez-.

Maite Mendiburu, Marta Perez, Oiakue Azpiri, David Soto, Jaime Iribarren eta Jose Ramon Antxia dira atxilotuko ez dituztenak. Baina auzitegiko iturriek esan dute horrek ez duela esan nahi zigorra jasoko ez dutenik.

Espainiako Auzitegi Nazionalak dio gaur ez duela aterako sententzia. Baliteke abenduaren 10ean ateratzea.

2005eko azaroaren 21ean hasi zuten 18/98 auziaren epaiketa, Madrilen. 52 euskal herritar epaitu dituzte, Egin egunkarian, Ekinen, Xaki, Joxemi Zumalabe Fundazioan edo beste enpresa batzuetan aritzeagatik. Hamasei hilabete iraun zuen epaiketak.



Auzitegi Nazionalak auziaren inguruan emango duen epaia oso garrantzizkoa izango dela esana dute auzipetuek. "Euskal herritarren eskubide zibil eta politikoetan izango duen eraginagatik izango da garrantzizkoa epaia".

Auzipetuak bloga jarri zuten martxan duela aste batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.