Legez kanporatzeak

EHAKren eta EAE-ANVren jarduera eten du Garzonek, Gorenari aurrea hartuta

3 urtez galarazi die Garzonek jarduerarik izatea, baina 2 urteko luzapena izan dezake debekuak. Halaber, bi alderdien egoitzak ixteko eta diru kontuak blokatzeko agindu du. Horrenbestez, EAE-ANVk ezingo du martxoaren 9ko hauteskundeetan parte hartu. Auzitegi Gorenak, berriz, bi alderdien finantziazioa eta EAE-ANVri hauteskundeetara aurkeztea galarazi ditu soilik, bi alderdien jarduerak ez etetea erabaki baitu.

2008ko otsailaren 8a
23:17
Entzun
EHAKren eta EAE-ANVren jarduera 3 urtez galaraztea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak, "ETAn sartzeko atarian" zirela argudiatuta. "(Bi alderdiak) Batasuneko buruzagien tresna politiko bihurtu dira azken hiru urteetan, eta buruzagi horiek diruz hornitzeko eta Batsuna-ETAren helburuak betetzekobitarteko", dio bi alderdien jarduerak eteteko plazaratu dituen autoetan. Jarduerak etetean, bi alderdi horien ekintza publiko guztiak galarazi ditu, eta horrenbestez, martxoaren 9ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan parte hartzea debekatu dio EAE-ANVri -EHAK ez da aurkeztu hauteskunde horietara-.

Jarduera eteteaz gain, bien egoitzak ixteko eta diru kontuak bahitzeko agindu du.Hala ere, epailearen bi autoek zehazten dute jardueren eteteak ez diela eragiten EHAK edo ANVko kide diren pertsonek "norbanako gisa eta hautetsi aulkien jabe bakar gisa egiten dituzten jarduerei"; hots, udaletan eta Eusko Legebiltzarrean dituzten karguei eutsi ahal izango ditela bi alderdi horietako kideek. 259 orriko autoa plazaratu du EHAKri buruz eta 264koa ANVren inguruan.

Aurretik, iragan astelehen eta asteartean bi alderdi horien kontrako auzi saioak egin ditu: astelehenean EHAK-ko ordezkariak izan ziren Auzitegi Nazionalean eta asteartean EAE-ANVkoak. Gainera, ANVko hiru buruzagi "erakunde terroristari laguntzea" egotzita inputatzea erabaki zuen asteartean, eta asteazkenean, berriz, EHAK-ko beste hiru kiderekin gauza bera egitea -alderdi horretako bi legebiltzarkide auzitegira bidean jarri ditu, gainera-.

IƱigo Iruin ANVren defentsako abokatuak egindako oharraren ondoren erabaki zituen Garzonek inputazioak: alderdi bateko kiderik inputatuta egon gabe ezinezkoa dela erakunde horren jarduera bide penaletiketetea ohartarazi zion Iruinek.Urrats horren ondoren, jardueren etetea earbaki du gaur.

Gainera, gaur bertan bi alderdi horien legez kanporatzeari buruzko auzi saioak egiten ari dira Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko Salan. Zehazki, 10:30ean hasi da EHAKren kontrakoa eta 16:00etan hastekoa da EAE-ANVren kontrakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.