Noiz sortua: 2008-03-07 18:45:28

Atentatua

PSE-EEko zinegotzi ohi bat hil dute Arrasaten, tirokatuta

Hiru tiro bota dizkiote, bularrean eta lepoan. Navas Tolosa kalean izan da atentatua, 13:30ak aldera, etxetik irteten ari zela. Isaias Carrasco da hildakoa, eta 42 urte zituen. Ez zeukan bizkartzainik.

Berria -

2008ko martxoak 7
PSE-EEko zinegotzi bat hil dute gaur Arrasaten (Gipuzkoa), tiroz; ustez, ETAk. Oso-oso larri eraman dute hango erietxera, 13:50ean heldu da hona, medikuak erreanimatzen saiatu dira, eta 14:40an hil da. Bi aldiz geratu zaio bihotza Arrasateko hautetsi izandakoari. 13:30ak aldera izan da atentatua, Navas Tolosa kalean, San Andres auzoan. Isaias Carrasco da hildakoa, eta 42 urte zituen. Ez zeukan bizkartzainik. Ezkondua zegoen eta hiru seme-alaba zituen (20 et 15 urteko bi alaba eta 4 urteko semea). Bergaran (Gipuzkoa) egiten zuen lan, autobideko bidesari postuan, eta hara zihoan erasoa izan duenean. UGTko kidea ere bazen. Iazko udal hauteskundeetan ere aurkeztu zen, Arrasateko PSE-EEtik, seigarren tokian; ez zuen kargurik lortu. Etxetik irteten ari zela egin diote tiro, atzetik, haren emaztea eta alaba bat hantxe zirela. Hiru tiro jaso ditu: bi bularraldean -eskubian- eta bat lepoan. Carrasco lurrean geratu da, eta anbulantziak erietxera eraman du. Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak esan du bi pertsonek hartu dutela parte atentatuan, haietako batek egin duela tiro eta bestea zain zaukala autoan. Haren arabera, Seat gris batean egin dute ihes, Bilbo aldera. Miguel Buen Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak esan du Carrascok gaur egun alderdian ez zuela kargurik eta aurreko legealdian izan zela hautetsi. "ETAren eromen hiltzaile hau bukatzeko itxaropena genuen, baina... Badirudi guk [PSOEkoek]besteek baino aukera gehiago genituela [atentaturen bat izateko]", adierazi du Buenek, gertaeraren ondoren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna