Mundua

Irlandan ezezkoa nagusitu da Lisboako Itunaren erreferendumean

Irlandako Plebisziturako Batzordearen arabera, ezezkoak botoen %53,4 lortu du, eta baiezkoak %46,6. Atzo egin zuten erreferenduma eta %40 ingurukoa izan zen parte-hartzea. Europako Batasuneko estatuek ezinegona dute.

2008ko ekainaren 13a
18:51
Entzun
Ezezkoa nagusitu da Irlandan Lisboako Itunaren erreferendumean. Irlandako Plebisziturako Batzordeak emandako behin betiko emaitzen arabera, botoen %53,4 lortu du ezezkoak, eta 46,6 baiezkoak. Goizean hasi dira atzo emandako botoak kontatzen, zortzietan.

43 barrutietatik 36tan ezetza izan da nagusi, eta joera hori batez ere nekazal guneetan, eta langileen artean nabaritu da gehien. Hiru milioi irlandar zeuden bozkatzera deituta atzo, eta ezetz 862.415 pertsonek bozkatu zuten, eta 752.451 baietz.

Ezetza gailenduko zela espero zuten Irlandan. Dermot Ahern Irlandako Gobernuko Barne eta Justizia ministroak berak hango telebista kateari eguerdian adierazi dio, dauzkaten datuen arabera, ezezkoa nagusituko dela. “Dezepzioa izango da guretzat, baina emaitza errespetatu egingo dugu”.

Lisboako Ituna “hilda” dagoela azaldu du, berriz, Eamon Gilmore Irlandako Alderdi Laboristako buruak eta, ondorioz, Europako Batasuna (EB) osatzen duten gainontzeko kideek ere ez dutela onartuko iritzi dio.

EBko estatuek ezinegon handiarekin erreparatu diote Irlandako herritarren epaiari, agintariek hitzartutako Europaren erakundetzea hankaz gora jar baitezakete herritarrek berriro. Danimarkan eta Frantzian arbuiatu egin zuten 2005. urtean handizaleagoa zen Europako Konstituzioa. Irlanda da bertako lege bilduma gorenak hala agintzen duelako Lisboako Itunari buruz herritarrei iritzia eskatuko dien herrialde bakarra, baina atzera bota dutenez, gainontzekoena ere izango da porrota, EBko 27 estatuek berretsi behar dutelako indarrean jar dadin.

Lisboako Itunaren aldeko botoek irabazteko parte-hartzea %50 baino handiagoa izatea komenigarria zen Richard Sinnott Dublingo unibertsitateko zientzia politikoetako irakaslearen arabera. Mugarri horretatik behera ezetzak irabazteko aukera ugari izan zitezkeela iragarri zuen Sinnottek. Azkenean, herrialdearen erdiak parte hartu zuen, %51ak.

Boto emaile askok adierazi dute ez dutela sobera ezagutzen ituna indarrean jartzeak zer eragin izango duen, eta bozkatuko dutela Irlandak Europan duen tokiaz duten iritziaren arabera. Hiru milioi hautesleek EBren norabidearen giltza zuten atzo esku artean hein handi batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.