KulTURA

Eider Rodriguezen 'Katu jendea' egitasmoak irabazi du Igartza saria

Diruak eta edertasunak gizartean duten garrantzia izango da ipuinen haria, baina autonomoak izango dira.

2008ko urriaren 23a
14:09
Entzun
Diruak ezin omen ditu erosi bizitzan garrantzitsuak diren gauzak. Edertasunaren gainetik, barruan dagoena omen da garrantzitsuena. Eider Rodriguezen Katu jendea ipuin liburuak, berriz, diruak eta edertasunak egungo gizartean duten garrantzia izango du hari.

Aurten hamaikagarren aldia du Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak idazle gazteak sustatzeko antolatzen duten lehiaketak. 35 urte baino gutxiago eta gehienez bi liburu kaleratuta dauzkaten idazleek dute aukera euren proiektuak lehiaketara aurkezteko. Aurten, Igor Estankonak, Xabier Etxeberriak eta Karmele Jaiok osatu dute epaimahaia, eta saria Eider Rodriguezen Katu jendea egitasmoari esleitzea adostu dute. Hala, Rodriguezek 6.000 euroko diru laguntza jasoko du, liburua idazteko, eta Elkarrek lana argitaratzeko konpromisoa hartuko du. Idazleak urtebete izango du idazketa lana burutzeko.

Elkarrizketa hobetsiz

Hamar bat ipuinez osatutako bilduma du buruan Rodriguezek. Oraingoz, lau ipuin idatzi ditu; horietako bat da Katu jendea izenekoa, bilduma osoari izena emango diona. Oro har, izango du bildumak ipuin guztiak harilkatuko dituen gai bat, baina ipuin beregainak izango dira: «Bada joera bat ipuin liburuetan ipuin guztiak nolabait lotzekoa, nahiz eta hori lortzeko ipuinak beharttu behar. Nik ez dut horrelakorik egingo. Diruak eta edertasunak duten garrantzian jarriko dut arreta, arazoa dutenari erreparatuz, baina ipuinak autonomoak izango dira», adierazi du idazleak. Politikak ere bere tartea izango duela jakinarazi du, «baina modu lausoan, alderdiei-eta lotu gabe».

Estilo aldetik, adjetibazio urriko testuak idazteko asmoa duela azaldu du, eta elkarrizketaren aldeko apustua egingo duela, pertsonaien bakarrizketentzako leku gutxiago utzita. Bestalde, ipuinak gehiegi ez apaintzeko asmoa duela azaldu du, «zikin geratuko balira, halaxe utziko ditut».

Liburua idazteko urtebeteko epea izango du Rodriguezek. Epe-muga izateak ez omen dio sormen lanean eragingo: «Denbora mugatua izateak ematen dio halako tentsio puntu bat sormen prozesuari. Nik lanean ere eskertzen dut hori; nire kasuan, onerako dela esango nuke».

Orain arte, bi ipuin liburu plazaratu ditu Rodriguezek, Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004) eta Haragia (Susa, 2009). Ipuinak idaztera nolabait behartua dagoela adierazi du: «Bizi erritmoak markatzen dit idazten dudana. Ipuin bati ahalik eta denborarik gehien ematen saiatzen naiz. Ondorioz, ezingo nioke nobela bati heldu, ez baititut sei hilabete edo urte bat idazketari egunean zortzi ordu emateko». Dena dela, Rodriguezek esandakoaren arabera, badu esku artean Katu jendea-z aparteko zirriborro bat, baina oraingoz, ez omen daki hortik zer aterako den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.