Politika

Rubalcabak onartu du presoak baliatzen dituztela ETAren aurka

Espainiako Barne ministroak berretsi du azkenaldian euskal preso batzuk hurbildu dituztela, eta bertze batzuk, berriz, urrundu. El Mundo'-k dioenez, «ETAn disidentzia» sustatzeko neurri gisa hartu du Gobernuak.

2008ko abenduaren 11
12:53
Entzun
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak berretsi egin du atzo El Mundo Espainiako egunkariak argitaratu zuen berria. Titulu nagusiak horrela zioen: «Gobernuak ETAko hamar historiko Euskal Herrira hurbildu ditu». Baina Rubalcabak zehaztu du bertze batzuk, berriz, urrundu dituztela. ETAren aurka Espainiako Estatuaren estrategia dela azpimarratu du.

Informazio iturririk ez du aipatu, baina espetxe politika horrekin Espainiako Gobernuak euskal presoen artean sakabanaketa bultzatu nahi duela dio Madrilgo egunkariak. «Borroka armatutik aldendu direnak Euskal Herrira hurbildu nahi ditu». El Mundoren arabera, Barne Ministerioa prest dago «indarkeria baztertzen dutenei opari baten egiteko».

Gai horren inguruan PPk horren berri bazuela ziurtatu du Espainiako egunkariak, eta Rubalcaba harremanetan egon dela Federico Trillo Espainiako Kongresuko PPko Justizia bozeramailearekin. Neurriak «ETAren disidentzia» sustatzeko hartu dituela jakinarazi dio, egunkariaren arabera.

Baina atzo emandako prentsaurrekoan, Rubalcabak ez du zergatia konfirmatu, ezta zehaztasun gehiagorik eman ere. «Ez dugu uste gai hori lau haizetara zabaldu behar denik, jende askoren segurtasunari eragiten diolako». Zuhurtasunez jokatuz, espetxe politika «terrorismoaren» aurka egiteko tresna dela gehitu baizik ez du egin.

Aldiz, argi utzi nahi izan du Espainiako Estatuaren kontu bat dela eta, beraz, alderdi guztiak horren berri badutela. «Espetxe politika ez da ministro baten gaitasuna, baizik eta parlamentuko talde guztiekin batera onartutako bidea».

Federico Trillok Espainiako Kongresuaren korridoreetan berretsi ditu Rubalcabak errandakoak. Gai horretan bere alderdia eta Espainiako Gobernuaren arteko harremana «aldizkakoa eta arina» dela adierazi du. «1980ko hamarkadan Enrique Mujika ministroak abiatutako politika da, eta ongi eramaten bada, eta espero dugu ongi eramaten dela, lorpen bat da».

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak bere egin du El Mundo egunkariak argitaratutakoa. Baina uste du «akats bat dela» preso batzuei eragiten diolako bakarrik. «Sakabanaketa bultzatzen du, eta ez du ezer aurreratzen». Azkarraga presoen sakabanaketaren politika bukatzearen alde dago, batez ere senideek pairatzen dutelako.

Ipar Irlandako bake prozesua eredu hartuz, Justizia sailburuak uste du euskal preso guztiak kartzela berean bildu beharko liratekeela negoziazio prozesu batean aurrera egiteko. «Horri esker eztabaida piztu zuten, eta bake prozesua ongi bukatzeko oinarrizkoa izan zen».

Gehiago hurbiltzekotan

Zortzi dira zehazki, joan den urriaren 15az geroztik lekuz aldatu dituzten euskal presoak. Horietako zazpi Andaluziako (Espainia) espetxeetan ziren, eta zortzigarrena Galizian. Joseba Urrusolo, Carmen Gisasola, Txerra Martinez Garcia, Pakito Mujika eta Koldo Aparizio Zuerako (Zaragoza, Espainia) espetxera eraman dituzte, eta Karlos Almorza, Iñaki Grazia eta Balentin Lasarte Villabonakora (Asturias, Espainia).

Haietariko batzuek publikoki jakinarazi dute ETAren politikarekin ez direla gehiago ados, baina horien artean batzuek horrelakorik ez dute egin. Heldu den asteetan bertze euskal preso batzuk hurbilduko dituztela aitzinatu du El Mundo-k, Espainiako espetxeetako iturriak aipatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.