KulTURA

Mikel Zubeldia, Pako Aristi eta Amaia Jauregizar, Euskaltzaindiaren eta BBKren Literatur Sarien irabazleak

2008ko abenduaren 16a
13:39
Entzun
Mikel Zubeldia (Donostia), Pako Aristi (Urrestilla, Azpeitia, Gipuzkoa) eta Amaia Jauregizar (Gernika-Lumo, Bizkaia) dira Euskaltzaindiaren eta BBKren Literatur Sarien aurtengo irabazleak. Bi erakundeek urtero antolatzen dituzte elkarrekin eleberri, antzerki, olerki eta saiakera sariak. Euskaltzaindiaren egoitzan egin dute sari banaketa, Bilbon.

Zubeldiak, Txomin Agirre eleberri saria lortu du, Ekilibristaren polka lanarekin; Aristik, Toribio Altzaga antzerkikoa, Josu Dukatiren proposamena-rekin; eta Jauregizarrek, Felipe Arrese Beitia olerkikoa, Azazkalak jaten-ekin.

Mikel Zarate saio saria eman gabe geratu da, lanik ez delako aurkeztu.

Elkarrekin lotuta dauden bost narraziok osatzen dute Zubeldiaren eleberria. Ochreland izena duen probintzietako hiri grisean girotzen ditu autoreak narrazio gehienak, eta Jon Gallimore protagonistak Margrit Makay aktorearenganako "zentzurik gabeko ihesa" planteatuko dio irakurleari.

Epaimahaiaren arabera, identitateaz, pertsonen arteko gatazkez, maitasun lokaztuez, joandako XX. mendeaz eta beste hainbat gauzaz hitz egiten du Ekilibristaren polka nobelak, "betiere tonu umoretsua erabiliz".

Ertzaintzak egindako ETAko buruzagi baten atxiloketarekin hasten da Aristiren Josu Dukatiren proposamena lana. Euskal Herriak bizi duen egoeraren aurrean irteera bat irudikatzen eta eskaintzen saiatzen da idazlea, epaimahaiak dioenez.

Jauregizarren lanean, egunek aurpegi ugari izan ditzakete, egun horiek bizi dituztenek bezala, eta aurpegiotako zenbait dira, besteak beste, poema liburuaren ardatz. Hiru ataletan banatuta dago: Aduanazainaren ardurak izenburupean dago lehenengoa, bigarrena, Oin-puntetan deitzen da, eta hirugarren Egiak euritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.