Albistea entzun

Gizartea

Zikloiak eragozpen handiak sortu ditu, baina kalte pertsonal larririk ez

Haizeak gehienez 167 kilometro orduko abiada hartu du, baina denboralea bukatzen ari da. Milaka euskal herritar argindarrik gabe daude. Eibarren Ipurua kiroldegiko teilatuaren zati bat jausi da, eta gaur Nastic-Eibar futbol partida ez dute jokatuko.
Ekaitza Donostian, gaur goizean. Apenas ikusten zen ezer.
Ekaitza Donostian, gaur goizean. Apenas ikusten zen ezer. / Irutxuloko Hitza

Berria -

2009ko urtarrilak 24
Etorri da zikloia Euskal Herrira eta, espero bezala, eragozpen handiak sortu ditu baina orain arte kalte pertsonal larririk ez. EAEko SOS Deiak-ek esan du 4.300 dei hartu dituztela atzo gauerditik gaur eguerdira arte, eta 1.200 irteera egin dituzte. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan suhiltzaileek 300 bat irteera egin dituzte. Haizeak 167 kilometro orduko abiada hartu du gehienez: Balmasedan, Garbea mendian. 160koa Jaizkibel mendian, 158koa Oiz mendian, 150ekoa Lapurdiko kostan, 155ekoa Bilboko portuan, 115ekoa Gasteizen... Eusko Jaurlaritzak eguerdian jakinarazi du zikloia bukatzen ari dela. Arazorik handienak kostaldean izango dira, olatuengatik. Jaurlaritzak emergentzi planarekin segituko du. 17:30ak arte 250.000 euskal herritar inguru argindarrik gabe egon dira, edo arazo handiekin. Izan ere, 300 bat herritan izan dute arazo hori: Bilbo, Alonsotegi, Mungia, Lekeitio, Ondarroa, Amurrio, Beasain, Bergara, Tolosa, Deba, Elgoibar, Hondarribia, Donostia, Iparraldeko kostaldean... Iberdrolak jakinarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 17:30etik 44.000 herritar daudela argindarrik gabe: Artzeniega, Amurrio, Deba, Lekeitio, Bakio, Sopuerta eta Busturialdean. Basaurin 60 lagun etxetik atera dituzte, Sarratua auzoan, haizeak teilatua eraman egin duelako. Balmasedan bi baserritako jendearekin egin dute gauza bera, eta Donibane Lohizunen eraikin bateko 30 lagunekin. Horretaz gain, haizeak nonahi bota ditu hesiak, semaforoak, zuhaitz txikiak... Eibarren Ipurua kiroldegiko teilatuaren zati bat erori egin da, eta Arrate-Portland eskubaloiko lagunarteko partida -han ziren jokatzekoak, gaur- Elgoibarren jokatu beharko dute. Arratsaldean jakin denez, Nastic-Eibar Espainiako Bigarren A Mailako partida ez dute jokatuko -18:30ean zen hastekoa, Tarragonan (Herrialde Katalanak)-, haizeagatik. Hegazkin bidaiei dagokionez, 25 bertan behera utzi dituzte Loiun (gehien han: 19), Noain eta Hondarribian, eta Miarritzeko aireportua itxita egon da. Euskotrenek Zarautz-Zumaia zerbitzua etenda izan du 15:00ak arte. Zornotza-Bermeo oraindik etenda du; autobusak jarri ditu. Akitania eskualde osoan trenik ez dabil. Errepideetan, A8 itxita izan dute Donostian Bilborako noranzkoan, zuhaitz bat erori delako, eta kamioiei debekatu egin diete Biriatutik pasatzea Baiona aldera. Zarautz-Zumaia bidea itxita dago, olatu arriskuagatik, eta Subijana-Izarra ere bai, harriak-eta erori baitira. Bigarren mailako beste errepideetan garbiketa lanetan dabiltza. Bilboko Metroa 6:30etik 12:00ak arte etenda izan da, haizeagatik. Olatuak Matxitxakon 21,5 metroko altuerakoak izan dira. Donostian hamalau metro harrapatu dituzte, Pasaian ia hamar...

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.