Atxiloketak

Ertzaintza etxebizitza bat miatzen ari da Hernaniko Plaza Berrin

'Gara'-k dioenez, gazte bat atxilotu dute herrian, etxeko atarian zela. Bestalde, Manex Castrok salatu du Ertzaintzak torturatu egin duela. Kartzelan sartu du Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, Hernaniko eta Lazkaoko atentatuetan parte hartu zuelakoan. Lehengo igandean atzeman zuen Ertzaintzak, Villabonan. Atzo, berriz, Mikel Garmendia.

2009ko martxoaren 5a
20:20
Entzun
Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak kartzelara bidali du gaur Manex Castro Zabala, Hernaniko (Gipuzkoa) 24 urteko gaztea, ETA kidea delakoan. Villabonan (Gipuzkoa) atxilotu zuten igandean, eta bost egun egin ditu Ertzaintzaren esku atxilotuta, inkomunikatuta, eta gaur salatu du ertzainek torturatu egin dutela, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) dioenez. Gaur iluntzeko 20:00etan Euskadi Irratiak jakinarazi du Ertzaintza etxebizitza bat miatzen ari dela Hernaniko Plaza Berrin. Ez dago argi miaketak haren atxiloketarekin zerikusia duen edo ez. Horrez gain, Gara egunkariak jakinarazi du gazte bat atxilotu dutela herri berean, etxeko ezkaratzean zela.

"Atxiloketan eta hasierako unean kolpeak eta bultzadak eman zizkioten, mehatxuak etengabeak izan dira -haren amari eta lagunei buruz mehatxu egin diote, bere ingurukoak atxilotuak zeudela esan diote, Guardia Zibilaren eskuetan utziko zutela-, postura berhatuetan eduki dute -ertzainak gainean esertzen zitzaizkion-, ez diote lo egiten utzi behartutako deklarazioa egin duen arte...", dio AAMk. Konfiantzako abokatuari esan dio hori dena Castrok, gaur.



AAMren arabera, Castrok hasiera batean uko egin zion deklaratzeari, "baina egoera jasangaitza egin zitzaion eta beharturik deklarazioa poliziala egin du. Ertzaintzak behartu du horretara".

Velasco epailearen ustez, Castrok urtarrilaren 16an Hernanin (Gipuzkoa) ETAk egindako atentatuan parte hartu zuen, baita otsailaren 23an Lazkaon (Gipuzkoa) egindakoan ere. Hernanin Santa Barbara auzoan telebista hedagailuaren aurka bonba lehertu zuen erakunde armatuak eta Lazkaon PSE-EEko egoitzaren aurka. Atxilotuak ukatu egin du eraso haietan parte hartu zuela.

Joan den igandean atzeman zuen Ertzaintzak Castro Villabonan (Gipuzkoa), eta gaur arte inkomunikatuta eduki du. 24 urte dauzka. Ertzainek zioten lehergaiak topatu zizkiotela etxebizitza baten miaketan.

Gaur ordubiak aldera eraman dute Velascoren aurrera eta hamar minutu izan da han, deklaratu gabe.

Ertzaintzak atzo Castroren lagun bat atxilotu zuen Villabonan: Mikel Garmendia. Baliteke asteburuan eramatea epailearen aurrera.

Herenegun, berriz, beste bi gazte atzeman nahian aritu zen Ertzaintza Hernanin, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) zioenez: BeƱat Aginagalde eta Ugaitz Errazkin. Haien etxebizitzak eta etxabe bat miatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.