Politika

EBko kritikoek alderdia sortuko dute, "subiranista eta ezkerrekoa"

Datozen egunetan egingo dute aurkezpena Alternatiba Eraikitzen prozesuko kideek. Oskar Matute da buruetakoa. Haien ustez, EB "hasierako egitasmoetatik urrundu" egin da eta "politikoki hipotekatuta" dago.

2009ko apirilaren 11
17:39
Entzun
Ezker Batuko (EB) kritikoek utzi egingo dute koalizioa, alderdi politikoa sortzeko. Eta, hain zuzen, alderdia "subiranista eta ezkerrekoa" izango da, Euskadi Irratiak jakinarazi duenez gaur. Datozen egunetan egingo dute aurkezpena. Iazko abenduaren 13an Alternatiba Eraikitzen prozesua sortu zuten.

EB "hasierako egitasmoetatik urrundu" egin dela eta "politikoki hipotekatuta" dagoela esan izan du ildo kritikoko buruak: Oskar Matutek. Haren taldeak pisu txikia izan du koalizioan; azkeneko Kontseilu Politikoaren, kasu, ildo ofizialak %78,72ko babesa lortu zuen.

Ezkerreko alderdi eta eragileei indarrak metatzera dei egin izan die EBko ildo kritikoak, krisialdi ekonomikoari eta "ezkerrak Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan inoiz izan duen emaitzarik okerrenari" aurre egiteko. Metaketa hori "loturarik gabe, oinarrietatik sortua eta irekia" izan behar duela dio: "Antikapitalista, sozialista, autodeterminista eta egungo borroka moldeei lotua".

EBk Eusko Legebiltzarrerako azkeneko hauteskundeetan bi legebiltzarkide galdu ditu -bakarra du orain-, eta Javier Madrazo koordinatzaile nagusiak kargua utzi berri du. Mikel Arana da burua orain."Porrota aurrez ikusia zegoen; ezin da egun batzuetan Jaurlaritza babesten agertu, eta beste batzuetan ezkerreko alternatiba gisa agertu", esan zuen hauteskundeen ondoren Matutek.

Ez da hori EBren lehen krisia. 1998ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean, Madrazok dimisioa eman zuen, sei eserleku izatetik bi izatera pasatu zirelako, baina zuzendaritzak ez zuen haren eskaera aintzat hartu. Matuteren iritziz, EBren "enegarren birsortzeak" ez luke koalizioak muinean daraman gaitza sendatuko. Hori dela-eta, urrats berri bat egin eta EB "desegin" eta "alternatiba" berri bat sortzeko deia egin zuten Matutek-eta duela zenbait aste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.