mundua

Gordon Bajnai izendatu dute Hungariako lehen ministro

Ferenc Gyurcsany orain arteko lehen ministroaren aurkako zentsura mozioa onartu dute Legebiltzarrean eta ondorioz, kargutik at geratu da.

2009ko apirilaren 14a
18:07
Entzun 00:00:0000:00:00
Ferenc Gyurcsany Hungariako lehen ministroaren aurkako zentsura mozioa onartu dute Legebiltzarrean eta ondorioz, kargugabetu egin dute. Bere ordez, Gordon Bajnai orain arteko Ekonomia ministroa izendatu dute.

Bajnaik alderdi sozialistaren eta liberalen babesarekin izendatu dute lehen ministro. Alderdi kontserbadoreak ez zuen bozketan parte hartu.

Zentsura mozioa sozialistek aurkeztu zuten, Gyurcsanyk martxoaren 21ean finantza krisiarengatik eta herrialdea igarotzen ari den egoera latzagatik kargua uzteko asmoak iragarri ondoren.



Bajnairen izendapenarekin bozak aurretiaz deitzeko asmoa eten nahi du Alderdi Sozialistak, izan ere, inkesten arabera, horietan sozialistek porrota jasango dute.

Alderdi kontserbadoreak ez du Bajnairen izendapena onartu eta legez kontrakoa dela adierazi du. Hungariako gehiengoaren nahiarekin bat ez datorrela nabarmendu du. Bere ustez, herritarren gehiengoak aurretiazko hauteskundeak deitzea nahi du. Parlamentuan lehen ministroa izendatzen ari ziren unean, 5.000 lagun inguru kanpoan bildu dira kontserbadoreen nahiarekin bat egiteko.

Lehen ministro berriak finantza krisiari aurre egiteari eta lanpostuak babesteko neurriei lehentasuna emango diela jakinarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.