MunDUA

Irango Zaindarien Kontseilua prest dago botoak berriro kontatzeko, baina ez denak

Bederatzi lagun hil dira hauteskundeetako "iruzurraren" aurkako manifestazioetan. Mousavi hautagai progresistaren jarraitzailearen eta Ahmadinejad kontserbadore eta egungo presidentearen aldeko milizien arteko borrokak izan dira. Oposizioak iragarri du gaur berriro aterako dela kalera. Manifestazio horretara ez joateko ohartarazi dio atzerriko prentsari Irango Gobernuak eta kaleetako egoera kontatzeko baimen guztiak ukatu dizkio.

2009ko ekainaren 16a
13:22
Entzun
Irango Zaindarien Kontseiluak jakinarazi du prest dagoela ostiraleko hauteskundeetako botoak berriro kontatzeko, baina argitu du ez dituela guztiak kontatuko. "Irregulartasunak salatu diren tokietan kontatuko ditugu", esan du Abbas Ali Kadkhodai Zaindarien Kontseiluko bozeramaileak Irango berri agentzia ofizialean.

Oposizioak salatu du "iruzurra" egon dela bozetan, eta horiek berriro egiteko eskatu du. Larunbatetik protestak egiten dabiltza Teheranen, eta gutxienez bederatzi lagun hil dira manifestazioetan. Mir Hussein Mousavi hautagai progresistaren jarraitzaileak ari dira, batik bat, protestak egiten, eta Mahmud Ahmadinejad kontserbadore eta egungo presidentearen aldeko miliziekin borrokatu dira. Irango Polizia ere aritu da manifestarien aurka.

Beste hainbat lagun zaurituta daude, Payam Irango irrati kateak gaur esan duenez. Ez du zehaztu hildakoak miliziak edo oposizioko kideak diren. Oposizioak iragarri du gaur berriro aterako dela kalera.

Manifestazio horretara atzerriko prentsari ez joateko ohartarazi dio Iranek. Izan ere, nazioarteko prentsari Irango kaleetan gertatzen ari dena filmatzeko baimen guztiak baliogabetu dizkio Gobernuak. Kazetariek bizitzen ari den egoera filmatu nahi badute Irango Gobernuari baimena eskatu beharko diote.

Hain zuzen, Musavik eta Mohsen Rezai kontserbadoreak helegiteak sartu dituzte.

Emaitza ofizialen arabera, Ahmadinejadek alde handiz irabazi ditu ostiraleko hauteskundeak, %62,63 babesa lortuta. Ondorioz, ez du bigarren itzulirik beharko.

Mousavik botoen %33,75 bildu ditu, Rezaik %1,73, Mehdi Karrubi erreformistak %0,85.

25 milioi lagunek eman zuten botoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.