Euskara

Azpeitiko alkateak dio udal euskara ordenantzak ez duela gaztelania diskriminatzen

Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabe utzi du euskara normalizatzeko araua, gaztelania baztertu egiten duelakoan. "Euskarak gaztelaniaren aukera berak izateko, eskubide teorikoa gauzatu egin nahi genuen", esan du Eizmendik, baina ez du argitu Udalak zer neurri hartuko dituen orain.

2009ko ekainaren 25a
16:20
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak Azpeitiko Udalaren (Gipuzkoa) euskara ordenantza baliorik gabe utzi izanaren aurka agertu da herri horretako alkate Julian Eizmendi (EAJ), euskara normalizatzeko arauak "ez duelako gaztelania diskriminatzen". Gorenak astelehenean jakinarazitako epaian zioen Azpeitiko udal ordenantzak baztertu egiten duela gaztelania, eta urratu egiten dituela hizkuntz eskubideak. EAEko Auzitegi Nagusiaren 2007ko epaia berretsi zuen, eta Azpeitiko Udalaren helegitea baztertu.

"Gorenak oker interpretatu du araua", esan du Eizmendik gaur, Ana Mendizabal Udal Euskara batzordeburuarekin, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara diputatuarekin etaIƱaki Agirreazkuenaga Zuzenbide katedradunarekin Donostian egindako agerraldian. "Arauaren oinarrizko irizpidea hau da: herritarrek eguneroko harremanetan -administrazioan zein eremu pribatuan- eskubidea dute bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko: euskara eta gaztelania. Ondorioz, eskubide teoriko hori gauzatu egin nahi genuen, euskarak gaztelaniaren aukera berak izateko".

14.000 lagun pasatxo bizi dira Azpeitian, eta haietatik %87 euskaldunak dira eta %6 ia euskaldunak, inkesta soziolinguistikoek diotenez.

Alkateak ez du argitu Udalak zer neurri hartuko dituen orain. Agirreazkuenaga abokatuak esan du hurrengo aukera Espainiako Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea sartzea litzatekeela, baina horrek ez lukeela epaia behin-behinean bertan behera utziko. Gainera, luze joko luke. Haren arabera, aukera bat Udalak beste arau bat onartzea da; "posible bada, gaztelera ez dela diskriminatzen are gehiago zehaztuta".

Auzitegi Gorenak dio Azpeitiko Udalak eskumenik ez daukala euskararen sustapenean eta garapenean, erkidegoko erakundeek baizik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak "babes osoa" eman dio Udalari.

2005ean onartutako araua

2005eko abenduan onartu zuen Azpeitiko Udalak euskara normalizatzeko ordenantza, orduko udal talde guztien babesarekin -EAJ, EA, PSE-EE eta PP-. Udal arauak "soilik euskararen normalizazioa" du helburu; hau da, "Azpeitiko berezko hizkuntzaren erabilera erreala, -eta ez bakarrik teorikoa-". XX. mendean euskara "bazterturik" egon dela eta, hari lehentasuna ematen dio.

Udalarekiko harremanetan euskara lehenetsi behar dela dio arauak. Horretarako, Udaleko lanpostu guztietan hizkuntz eskakizuna eskatzea arautzen du. Udal barruko prozeduretan ere euskararen alde egiten du: bileretan, aktetan, erregistro liburuan eta idazkietan, besteak beste. Udaletik kanpo ere euskaraz aritzeko eskubidea aitortzen die azpeitiarrei: hezkuntzan, osasun arloan, Justizian eta Poliziarekiko harremanetan. Azpeitiko enpresetan ere euskaraz hasten denari hala erantzutea arautzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.