Komunikabideak

Xabier Lapitzek goizeko magazinea aurkeztuko du Onda Vasca irratian

Radio Euskadiko ahots ezagunak fitxatuz, haren entzulea konkistatu nahi du Noticias Taldeak.

Edu Lartzanguren.
2009ko irailaren 3a
11:28
Entzun
Jaurlaritza aldatu izanak Radio Euskaditik urrundu dituen hainbat profesional elkartzen ari dira Onda Vasca-Grupo Noticias irratian, eta lan urte berriarekin hasiko dira irrati publikoan egiten zutena beste frekuentzietan zabaltzen. Lehen aldiz, irratigintzan arituko da Noticias taldea, eta ekimenaren begi-bistako helburua litzateke Radio Euskadiren entzuleak Onda Vasca-Grupo Noticiaserako konkistatzea, ahots ezagunen bidez, besteak beste Xabier Lapitzena.

Irailaren 14an hasiko da irratiaren programazio berria aireratzen. Irrati orokorra izango da, eta, beraz, informazioa eta iritzia jorratuko dituen magazinea izango du goizetan, Lapitzek aurkeztuta. Oraindik ez dute zabaldu nahi izan nortzuek osatuko duten lan taldea eta zeintzuk izango diren iritzi emaileak, baina datorren astean aurkeztuko dute saioa, eta iragarki kanpainari ekingo diote, atzo Lapitzek berak BERRIAri adierazi zionez. Ia zortzi urte egin zituen Lapitzek Radio Euskadin, eta haren Boulevard saioa entzule datuetan liderra izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ekainaren amaieran, Boulevard-en ez zuela jarraituko iragarri zion zuzendaritza berriak.

"Ahots ezagun asko"

Lan talde oso bat heldu da egitasmo berrira irrati publikotik, besteak beste, Estibaliz Ortiz. Radio Euskadiko zuzendaria izan zen Ortiz 2008. urteko urtarriletik 2009ko ekainera arte, eta, orain, Onda Vasca-Grupo Noticias irratiko zuzendaria da.

Ortizek esan duenez, irratiaren jomuga hogei urtetik gorako entzuleak dira. "Ahots ezagun asko egongo dira", iragarri du zuzendariak. Irrati parte-hartzailea nahi du Ortizek, eta telefonoa eta posta elektronikoa irekitzeaz gain, Interneten bidezko gizarte sareak ere erabiliko dituzte. Nazioarteko berriei baino entzuleek gertu duten errealitateari gehiago erreparatuko diotela esan dute.

Bi frekuentzia ditu Onda Vasca-Grupo Noticias irratiak Bizkaian: FMko 90.1 eta 106.9. Gipuzkoan, 95.6an entzun daiteke, eta, Araban, 91.5ean.

Grupo Noticiasen lehen irratia

Noticias taldea batez ere prentsan aritu da orain arte (Diario de Noticias, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Alava, Deia), Hamaika Telebistako akzioen %20 du, eta, lehen aldiz, irratigintzara egin du jauzi Onda Vasca bereganatuta. IƱigo Camino aritu da jauzi hori prestatzen. Radio Euskadiko zuzendaria izan zen 2008ko urtarrilaren 8ra arte. Egun horretan, EiTBko zuzendari nagusi kargua utzi zuen Andoni Ortuzarrek, EAJko Bizkai Buru batzarreko presidente aritzeko. Camino Ortuzarren konfiantzako gizona zen irratian, eta harekin batera utzi zuen Radio Euskadiko zuzendaritza, alderdi jeltzaleko Bizkai Buru Batzarreko komunikazio eta antolakuntza lanetan aritzeko. Camino Grupo Noticiaseko ordezkari gisa aurkeztu zuten atzo taldeko egunkarietan.

Radio Euskadiko izarrak fitxatuta, irratiak zuen entzulea Onda Vasca-Grupo Noticiasera erakarri nahi dute. Ikuskizun dago, ordea, hori lortuko duten. Izan ere, entzule mugimenduak ez dira horren linealak izaten, eta adibide ugari daude pentsarazten dutenak batzuetan irratiaren izenak berak indar handiagoa izaten duela kazetari izarrek baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.