politika

"Eskuzabaltasuna eta elkarlana" aldarrikatu ditu Maltzagako Mahaiak, "egoera aldatzeko"

Besteak beste, EAJ, EA, Aralar eta ABko kideak bildu dira gaur Uztaritzen, eta Lizarra-Garazi Akordioa aldarrikatu dute. Euskal Herria "legedi arrotzen menpe bizi" dela esan dute, eta "biziraupena bermatzeko erakunde burujabeak" behar dituela.

2009ko irailaren 12a
18:21
Entzun
Lizarra-Garazi Akordioaren 11. urteurrenean berriro indar abertzaleak batzeko dei egin du gaur Maltzagak Mahaiak. "Eskuzabaltasuna, auzolana eta elkarlana" aldarrikatu ditu. Euskal Herria "legedi arrotzen menpe bizi" dela dio bilguneak, eta Lizarra-Garazi goraipatu du. "XVIII. mendearen hondarretan Espainiako eta Frantziako estatuak gure herri izaera zapuzten hasi zirenetik, ez dugu hura bezalako batasunik ikusi". Eredu hura aldarrikatu du atzera. "Egoera aldatzeko indarra eta kemena dugula uste dugu".

Haren iritziz, 1998tik Euskal Herrian "gehiegizko borroka antzua" egon da, "denbora galdu da" eta Euskal Herriaren "biziraupena bermatzeko erakunde burujabeak behar dira". Hala, ezinbestekoa dela diote erabaki eskubidea gauzatzea. "Lizarra-Garazi da bidea, eta burujabetza eta bakea dira helmuga".

Uztaritzen (Lapurdi) bilera egin dute goizean hainbat eragilek -ez diete hedabideei sartzen utzi-, eta ondoren elkarreratzea. Orduan agiria irakurri dute.

Han izan dira, besteak beste, Xabier Arzalluz EAJko EBBko presidente ohia, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Unai Ziarreta EAko presidente ohia, Koldo Amezketa EAko presidente izandakoa, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea, Iñaki Aldekoa Aralarreko kidea, Mertxe Colina ABko zuzendaritzakidea...

Euskaria Fundazioak abiarazi zuen Maltzaga Mahaia, 2007an, burujabetzaren eta bakearen alde indarrak biltzeko asmoz, eta iazko apirilean aurkeztu zuen mahaia bera, “ideologia eta jatorri ezberdineko abertzaleen mahaia. Helburua Euskal herriko eragile sindikal, politiko eta sozialen ordezkari ofizialen nazio negoziazio mahaia eratzea da”, zioen.

Euskal Herria nazio gisa ulertzen dutenen artean estrategia bateratua adostea posiblea uste du Maltzagako Mahaiak, eta konpromiso bikoitza du: bakearen eta burujabetzaren alde lana eta konpromisoa agertzea. Hau da, “giza eskubide guztiak, eskubide zibil, politiko eta nazionalak salbuespenik gabe bete behar direla”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.