Sei egun igaro zituen =iPlaya de Bakio=i atunontziak Somaliako piraten esku iazko apirilean, eta gaur Carme Chacon Espainiako Gobernuko Defentsa ministroak jakinarazi duenez, =iAlakrana=i Bermeoko ontziaren (Bizkaia) bahiketa luzeagoa izan daiteke. Bart gauean Espainiako soldaduek bi bahitzaile atxilotu dituzte eta horrek erreskatea baldintza dezakeela uste du Chaconek. Arrantzaleak ahalik eta azkarren "onik askatzeko" ahalegin guztiak egingo dituztela nabarmendu du. Bermeoko =iAlakrana=i atunontzia pasa den ostiralean bahitu zuten piratek Somaliatik 375 miliara.
Espainiako Fiskaltzak ustezko bi bahitzaileen aurkako kartzela zigorra eskatu du, 36 arrantzaleren bahiketan parte hartzea, indarkeria erabiliz lapurreta egitea eta armak erabiltzea leporatuta.
Atunontzia Somaliako kostaldearen aurrean ainguratuta daukate, eta inguruan Espainiako eta Frantziako soldaduak daude.
Indiko Ozeanoan dauden ontzien segurtasuna bermatu behar dela-eta, defentsa ministroak gaineratu du ez dela posible itsasontzietan soldaduak joatea legeak onartzen ez duelako. "Ontziek babes neurriak hartu behar dituzte, batez ere, Indikoko Ozeanoan. Zaintzaile pribatuak edo ur kanoiak eta elektrizitate hesiak jar ditzakete arrantzaleak babesteko".
Etxebastar Fleet enpresako =iAlakrana=i ontzian 36 arrantzale daude, eta horietatik zazpi Euskal Herriko arrantzaleak dira. Ontzian Galiziako bederatzi arrantzale daude, Indonesiako zortzi, Boli Kostako bi, Ghanako lau, Senegalgo hiru, Malaysiako bi eta Seychelleetako arrantzale bat. Atzo arrantzaleek haien senitartekoekin telefonoz hitz egin zuten eta "beldurtuta" egon arren "ondo" daudela jakinarazi zuten.
=b"Erreklamazio politikoak alde batera utzi eta ontzia askatzeko indarrak batzeko" eskatu du Erkorekak=b
Josu Erkoreka Espainiako Kongresuko EAJko diputatuak "erreklamazio politikoak alde batera utzi eta ontzia askatzeko indarrak batzeko" deia egin du. "Ontzia babesterakoan ez dugu jakin eraginkorrak izaten, eta beraz, askapenean eraginkorrak izan beharko dugu" nabarmendu du Erkorekak.
Sareko BERRIAzalea:
Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.
Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.
Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.