alakrana auzia

Bahisariaren ordainketa ikertuko du Pedraz epaileak

'Alakrana'-ko zazpi marinel euskal herritarrei Gernikan eta bederatzi galiziarrei Vigon lekukoa hartuko die Auzitegi Nazionaleko epaileak, hurrengo astean. Duela bi egun 'Alakrana' itsasontzia aske geratu zen, 47 egunez bahituta izan ostean. Gaur 'Txori Gorri' ontziak piratengandik ihes egin du Indiako Ozeanoan, haiek ikustean.

2009ko azaroaren 19a
15:50
Entzun
Alakrana atunontziaren (Bizkaia) bahiketa duela bi egun amaitu zen eta iturri batzuen arabera, 2,5 eta 2,7 milioi euroko bahisaria ordaindu zuten. Hori argitzeko, atzo, Alakrana auziaren atzeko "sare juridiko-finantzarioa" ikertzeko eskatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eta gaur Santiago Pedraz auzitegi horretako epaileak ikerketa abian jarriko duela jakinarazi du.

Ikerketaren helburua, atunontziaren askatasuna lortzeko ustez ordainduriko bahisaria negoziatu duten abokatu bulegoak eta askapenean esku hartu duten "komisionistak" identifikatzea litzateke. Beraz, Alakrana-ko zazpi marinel euskal herritarrei Gernikan (Bizkaia) eta bederatzi galiziarrei Vigon (Galizia) lekukoa hartuko die Pedraz epaileak hurrengo astean.

Bahisaria Espainiako Gobernuak ordaindu duela zabaldu da. Hori hala balitz, Espainiak zigorra jaso lezake herrialde horretan delitua delako bahisaria ordaintzea. Hala ere, Francisco CaamaƱo Espainiako Justizia ministroak gaur adierazi du, "Espainiak estatu gisa" ez duela Alakrana-ren erreskaterik ordaindu.

Duela bi egun askatu zuten Alakrana itsasontzia, 47 egun Indiko Ozeanoan piraten esku bahituta egon ondoren. 36 lagun zeuden barnean, horietatik zazpi euskal herritarrak. Orain, helikopetero bat eta bi itsasontzik zainduta Seychellerako bidean dira eta bihar goizaldean iritsiko dira Victoria portura. Han hegazkin bat hartu eta litekeena da bihar bertan etxean izatea.

Gaur, aldiz, Bermeoko beste atunontzi batek piratak ikusi ditu Indiako Ozeanoan eta beraz, inguru horretatik urrundu egin dira bahiketa ekiditeko. Hala ere, erasorik ez dela egon zehaztu du Txori Gorri ontziaren Inpesca enpresak. Itsasontzi horretan lau segurtasun zaintzaile doaz.

Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren kudeaketa "negargarria", udalen arabera

Atzo, euskal jatorriko zazpi arrantzaleen udal ordezkariek prentsaurrekoa eman zuten Bermeon (Bizkaia) eta Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren kudeaketa "negargarria" salatu zuten. Xabier Legarreta Bermeoko alkatea, Unai Rementeria Mundakako alkatea, Ricardo Ituarte Santurtziko alkatea, Felix Aranbarri Ondarroako Udala Kudeatzeko Batzordeko presidentea eta Sabin Anuzita Bilboko Osasun zinegotzia izan ziren prentsaurrekoa eman zutenak.

Sestaoko Udalak (PSE-EE), ordea, ez zuen agerraldian parte hartu; Jose Luis Marcos Merino alkateak adierazi zuen ez duela auzia "kanpaina politikoa egiteko erabiltzeko asmorik", eta atunontzia askatzeko egindako lanagatik bi gobernuak "zoriondu" zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.