egunkaria auzia. gaur hasi da epaiketa

Fiskalak ez die auzipetuei ezer galdetu, eta horiek diote 'Egunkaria'-k ez zuela loturarik izan ETArekin

Fiskaltzak 'Egunkaria' auziaren artxiboa eskatua du, delitu zantzurik aurkitzen ez duela argudiatuta. ETAk 'Egunkaria'-n eragin edo agintzen zuen galdetuta, "inola ere ez" erantzun du Uriak, besteek bezala (=lia hiru ordu iraun du Uriaren deklarazioak==http://www.berria.info/albisteak/38015/I%F1aki_Uriaren_deklarazioa.htm=l). Xabier Oleaga izan da bigarrena =ldeklaratzen==http://www.berria.info/albisteak/38022/Xabier_Oleagaren_deklarazioa.htm=l, Martxelo Otamendi =lhirugarrena==http://www.berria.info/albisteak/38023/MARTXELO_OTAMENDIren_deklarazioa.htm=l, Joan Mari Torrealdai =llaugarrena==http://www.berria.info/albisteak/38026/%3Cstrong%3EJOAN_MARI_TORREALDAIren_deklarazioa%3Cstrong%3E.htm=l, Txema Auzmendi =lazkena==http://www.berria.info/albisteak/38027/%3Cstrong%3ETXEMA_AUZMENDIren_deklarazioa%3Cstrong%3E.htm=l deklaratzen. Honek 20:45ean amaitu du eta horrekin eman du bukatutzat epaileak gaurko saioa. Bostak goizeko hamarretan sartu dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Atxiloaldi garaian torturak eta tratu txarrak jaso izana salatu dute deklarazioan. Bihar goizean izango da bigarren saioa, 10:00etatik aurrera, eta lau guardia zibil mintzatuko dira. BERRIA.INFOk zuzeneko kontakizuna egin du 10:00-21:05 artean, auzitegitik bertatik, eta bihar ere egingo du. (Eman zure atxikimendua)

2009ko abenduaren 15a
21:54
Entzun
Miguel Angel Carballo fiskalak Egunkaria-ko bost auzipetuei galderarik egin ez izana izan da epaiketako lehen saioko albisterik nabarmenena. Fiskalak auzibidean izandako jokabidearen isla izan da, bere garaian artxiboa eskatu zuelako -defentsak ere bai-, deliturik ez dagoela argudiatuta. Horretaz gain, gainera, auzipetuek berretsi egin dute ETArekin harremanik ez zutela izan -Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek hori egozten diete-.

Gaur hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean kazetaren itxierari buruzko auziko epaiketa, goizean, eta bost auzipetuek baino ez dute deklaratu. Iñaki Uria izan da aurrena deklaratzen -10:37an hasi da, eta ia hiru orduz aritu da-, Xabier Oleaga aritu da ondoren -ia bi orduz-, gero Martxelo Otamendi -ordu eta bost minutuz-, Joan Mari Torrealdai laugarren -ordu eta laurdenez-, Txema Auzmendi bosgarrena -45 minutuz- eta bostei Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek galderak egin dizkiete -ez dituzte erantzun-, defentsak ere bai, baina fiskalak ez. Izan ere, bere txanda iritsi denean, bost kasuetan galderarik ez zuela egingo esan dio Carballok epaimahaiari, eta hala egin du. Isilik Espainiako Fiskaltzaren ordezkaria.

Akusazio pribaturik ez dago kasuan. Epaimahaiak, ordea, joan den uztailaren 30ean erabaki zuen epaiketa egitea. Eta horretan ari dira.

20:45ean bukatu da gaurko saioa, eta bihar jarraituko du epaiketak, 10:00etan; lau guardia zibilek deklaratuko dute. Gero urtarrilaren 12ra (asteartea) arte ez da saiorik izango, gaur epaimahaiak jakinarazi duenez; orduan, kartzelan dauden Egunkaria-ren lekukoek deklaratuko dute. Ondoren, urtarrilaren 25etik 29ra izango dira saioak.

Auzibidean Dignidad y Justiciak eta AVTk baino ez dituzte egin zigor eskaerak; 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorra auzipetu bakoitzarentzat -14 eta 15 urte bitarteko inhabilitazioa ere bai-, ETAkoak direlakoan.

2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak Egunkaria, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Javier Gomez Bermudez da epaimahaiko burua, eta Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez Prado dira beste epaileak.

Deklarazioak

Uria Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkari izanak herri akusazioen galderei ez die erantzun. Defentsaren itaunei bai, eta ETAk Egunkaria-ren sorreran parte hartzerik ez zuela izan berretsi du eta ETAk Egunkaria-n eragin edo agintzen zuen galdetuta, "inola ere ez" erantzun du. Kazeta sortzeko diruari dagokionez, herriz herri bildu zutela esan du auzipetuak eta instituzioek ere diru laguntzak ematen zizkiela. "Diru laguntzak eskatzeko mota guztietako informazioak eman behar izaten direnez, guztiaren berri zeukaten erakundeek".

Egunkaria Sortzen taldea euskarazko kazeta sortzeko gaia aztertzen hasi zela azaldu du Uriak, eta berak ere parte hartu zuela bilera haietan. Talde eragile hori "askotarikoa zen, ideologia askokoa", auzipetuaren esanetan. Egunkaria-k izan beharreko oinarriak erabaki zituen taldeak, Uriak auzitegian gogoratu duenez: "Euskaltzalea, nazionala, zabala, anitza eta baterakoia". (ikusi hemen Iñaki Uriaren deklarazioa)

OleagaEgunkaria-ko zuzendariorde ohiak ekin dio gero deklaratzeari, 13:35ean hasi da, eta 14:25ean eten egin du saioa epaimahaiak. 16:30ean hasi dira berriro, eta 17:18an amaitu du Oleagak. Hark ere nabarmendu du ez zuela ETAren agindurik jaso eta ez zela sekula ETAren menpe aritu kazetan. Egunkaria-n lanean ez zela 1993an hasi esan du eta, beraz, akusazioak dioena ez dela egia. (ikusi hemen Xabier Oleagaren deklarazioa)

OtamendiEgunkaria-ko 1993-2003 urte arteko zuzendari izan da hurrena deklaratzen; 17:32tik 18:22 arte aritu da. Hark ere ukatu egin du ETAk ezer agintzen zuela euskarazko kazetan. "Sekula ez da halakorik izan, eta ez nuke sekula onartuko gainera". Lanean askatasun osoz aritu zelako oso gustora aritu zela adierazi du eta horixe dela gehien eskertu izan duena. "Ez dakit lanerako horrenbeste askatasunik duen hedabiderik baden". (=likusi hemen Martxelo Otamendiren deklarazioa==http://www.berria.info/albisteak/38023/MARTXELO_OTAMENDIren_deklarazioa.htm=l)

Torrealdai Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko lehendakari izana 18:42an hasi da deklaratzen eta 19:55ean amaitu du. Besteek esandakoa esan du honek ere. "Kanpoko esku-sartzerik egongo balitz, ez ginatekeen proiektu horretan egongo. Adin eta ibilbide honekin, ez gaude jolaserako". (ikusi hemen Joan Mari Torrealdairen deklarazioa)

Auzmendi Egunkaria SAko administrazio kontseiluko idazkari ohia 20:02an hasi da. 20:45ean bukatu du, eta besteek esandakoa berretsi du: ez zuela etakideekin harremanik behin ere izan. (ikusi hemen Txema Auzmendiren deklarazioa)

Ibarretxe auziko aurrekaria

Aurten, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako orduko lehendakariaren, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares PSE-EEko zuzendaritzakideen, eta Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena eta Olatz Dañobeitia ezker abertzaleko kideen aurkako epaiketan, lehen egunean bertan epaiketa bertan behera utzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, auzian herri akusazioak baino ez zuelako egin zigor eskaera. Fiskalak eta defentsak artxiboa eskatua zuten.

Auzipetuek babes handia jaso dute Madrilen, jende asko joan baita.

Auzipetuez eta kazetariez gain, Euskal Herritik hara joandako hamabi lagun daude aretoan: Xabier Zubizarreta ezker abertzaleko kidea, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Adolfo Muñoz ELAkoa, Ainhoa Etxaide LABekoa, Xabier Mendiguren Kontseilukoa, Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakaria, Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkaria, Mariano Ferrer kazetaria, Josu Juaristi Gara egunkariko zuzendaria, Jon Jaka eta Olatz Osa Elkar-eko kideak eta Mertxe Mujika AEK-ko ordezkaria. Madrilera babesa ematera joandako denen artetik hamabi lagunek baino ez dute izan baimena aretora sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.