kulTURA

Asel Luzarraga idazlea kartzelara bidali dute Txilen, behin-behinean

Euskal PEN Klubeko zuzendaritzakideari Temucoko Justizia idazkaritzaren aurka atentatua egiten saiatu zela leporatu diote. Urte zahar egunez atxilotu zuten, Padre Las Casasen. Bermeen Auzitegiko epaileak fiskalari hiru hilabeteko epea eman dio ikerketa amaitzeko.

2010eko urtarrilaren 6a
16:47
Entzun
Asel Luzarraga (Bermeo, Bizkaia; 38 urte) idazlea eta Euskal PEN Klubeko zuzendaritza batzordeko kide behin-behinean espetxera bidali du Txileko Auzitegiak gaur, Temuco eskualdeko Justizia idazkaritzaren aurka atentatua egiten saiatu zela egotzita. Etxean lehergaiak edukitzea leporatu diote, halaber.

Alejandra Garcia Bermeen Auzitegiko epaileak Sergio Moya fiskalari hiru hilabeteko epea eman dio ikerketa bukatzeko.

Urte zahar arratsaldean lehergailu batek ez zuen eztanda egin Temucoko Justizia idazkaritzan, detonazio mekanismoan akatsa izan zuelako. Ordu batzuk beranduago Luzarraga atxilotu egin zuten Padre Las Casasen -han bizi da-, atentatu saioaren egilea izatea leporatuz.

Euskal PEN Klubak astelehenean azaldu duenez, Luzarragarekin telefonoz hitz egiteko aukera izan zuten eta honek esan zuen ez dakiela zergatik atxilotu zuten eta ez duela zerikusirik leporatutako karguekin. "Luzarragaren aurka jarritako kereilaren helburua, hark maputxeen alde egiten duen lana etetea da, deserosoa baita lan hori Txilerentzat", zioen Euskal PEN Klubak, eta elkarretaratzea egin zuen Leioan (Bizkaia), Txileko kontsularen egoitzaren aurrean. Asteartean Bermeon bilkura izan zen.

Luzarragak atzo kartzelan Amnesty Internationaleko kide baten bisita jaso zuen.

Hamaika ispilu ganbil (2003), Karonte (2005), Mozorroaren xarma (2007) eta Abaraska (2008) liburuen egilea da eta, Euskal PEN Klubeko zuzendaritzako kidea izateaz gain, nazioarteko PEN Clubeko Writers for Peace (Bakearen aldeko idazleak) batzordean lan eginikoa da.

Anarkista pentsabidez, maputxeen lurraldetasun eskubideen alde aritu izan da Txilen. "Giza eskubideen defendatzaile sutsua da; horregatik, pentsaezina da hark bortizkeria erabili izana", esan du Laura Mintegi Euskal PEN Klubeko lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.