politika

Joseba Zinkunegi, Nuria Alzugarai, Aitor Aranzabal, Txema Jurado, Mikel Etxaburu, Eusebio Lasa eta Mikel Garaiondo libre geldituko dira, bermepean

Batasunaren aurkako operazioan atzeman zituzten, 2008ko otsailean. Orduan kasu haregatik atxilotutako beste denak kalean daude, Karmelo Landa izan ezik -Sonia Jacinto berriro atzeman zuten gero, Arnaldo Otegiren-eta kontrako operazioan-. Bakoitzari 50.000 euroko bermea jarri dio Auzitegi Nazionalak.

2010eko otsailaren 5a
15:35
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak libre utziko ditu Batasunaren aurkako operazioan 2008ko otsailean atxilotutako zazpi lagun, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gaur arratsaldean esan duenez: Joseba Zinkunegi, Nuria Alzugarai, Aitor Aranzabal, Txema Jurado, Mikel Etxaburu, Eusebio Lasa eta Mikel Garaiondo.

Bakoitzari 50.000 euroko bermea ipini dio Auzitegi Nazionalak, eta jardunbide politikoa izatea debekatu die denei. Hots, lehengo "antzeko bilera, manifestazio, jendaurreko ekitaldi, koalizio edo alderdi politikoetan" ezingo dute parte hartu, auzitegiaren arabera.

Fiskalak haien espetxealdia beste bi urtez luzatzeko eskaera egin zuen joan den urtarrilean.

Karmelo Landa, Sonia Jacinto, Jesus Mari Agirre, Peio Xabier Galvez, Josetxo Ibazeta, Iñigo Balda eta Karmele Aierbe ere atxilotu zituzten orduan. Denak libre geratu ziren, Landa izan ezik -Jacinto iazko urrian berriro atzeman zuten, Arnaldo Otegiren-eta aurkako operazioan-.

Herenegun, berriz, Pernando Barrena atera zen kartzelatik, 50.000 euroko bermea ordainduta. 2008ko otsailaren 4an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Berriozarren (Nafarroa). Batasuna legez kanpoko alderdiaren izenean aritzea eta hitzaldiak-eta emateagatik "delitua errepikatzea" leporatuta atzeman zuten, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Auzitegiak dio hark orain ere ezingo duela "antzeko" ekimenetan parte hartu -"antzeko bilera, manifestazio, jendaurreko ekitaldi, koalizio edo alderdi politikotan"-.

Patxi Urrutia ere atxilotu zuten 2008ko otsailaren 4an, Iruñean, arrazoi bera egotzita, eta joan den azaroaren 21ean libre geratu zen, bermea ordaindu ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.