Jon Anza auzia

Anza Espainiako segurtasun indarrek hil zutela diotenen kontrako lege neurriak iragarri ditu Rubalcabak

"Gaur bertan hasiko ditut lege ekimenak Estatuko Segurtasun Indarren ohorearen defentsan", esan du Espainiako Barne ministroak RNE irratian egin dioten elkarrizketan. Donostiako manifestazio ondorengo adierazpenak aipatu ditu zeharka.

2010eko martxoaren 16a
18:46
Entzun
Jon Anza ETAko militante desagertua Espainiako segurtasun indarrek hil zutela jendaurrean ziurtatu dutenen kontra neurri legalak hartuko ditu Espainiako Gobernuak, Estatuko Abokatuaren bidez. Hala iragarri du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak RNE Espainiako irrati publikoan egin dioten elkarrizketan.

"Inolako frogarik gabe iraindu eta kalumniatu dute. Denbora asko daramagu laidoak, irainak eta kalumniak jasaten, baina aski da. Gaur bertan hasiko ditut Estatuko Segurtasun Indarren ohorea defendatzeko lege ekimenak", azpimarratu du Anzaren desagertze eta heriotzaren harira egin diren adierazpenei buruz galdetu diotenean.

Anza Poliziak hil zuela "ETAk asmatutako gezurra" dela iritzi dio Rubalcabak, eta "astakeria" dela jendaurrean akusazi horiek jaurtitzea. Ildo horretatik, zehaztu du "alderdi demokratikoek" agertutako zalantzek ez dutela arduratzen, baizik eta "norbaitek mikrofono bat hartu eta esatek Anza jauna Poliziak edo Guardia Zibilak atxilotu duela, torturatu eta lurperatu duela". Finean, zeharka bada ere, igandean Donostian egin zen manifestazio ondorengo adierazpenak aipatu ditu, eta haiek jarri ditu jomugan. Areago, "hemeroteken errepasoa" egingo duela iragarri du.

Anzaren inguruko ikerketan "akatsak" egon daitezekeela onartu du Rubalcabak, eta guztia argitzeraino lanean jarraituko dutela ziurtatu. Hala ere, "Estatu demokratikoak legearen arabera" jokatzen duela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.