politika

Lege erreformen ardatzak: zerrendak inpugnatzeko epea zabaltzea eta legealdian hautetsiak kargutik kentzea

Ezker abertzalea hauteskundeetan ez egoteko helburuarekin, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Alderdien Legea eta Erregimen Lokaleko Legea moldatu ditu gaur. ETA gaitzesteko exijitzen dio. 2011n izango dira hurrengo bozak: udal eta foruetakoak.

2010eko martxoaren 26a
18:29
Entzun
Ezker abertzaleko balizko alderdi edo hautesle elkarteek edo haietako kideek ETA ez badute gaitzesten hauteskundeetara aurkezteko modurik ez izateko Espainiako Gobernuak gaur onartu dituen lege erreformetan, bi neurri hauek dira garrantzitsuenetakoak:

- 1. Zerrendak inpugnatzeko epea zabaldu egingo dute. Gaur egun hautagaitzen aurkako inpugnazioak sartzeko aukera Hauteskunde Batzordeak horiek ofizialki publiko egitetik kanpaina hasi arteko epea baldin badago, lege aldaketarekin kanpainan ere inpugnatu ahal izango da, eta aipatutako batzordeak kanpainaren azken egunera arteko epea izango du zerrendak baliogabetzeko. Horretarako, Hauteskunde Legea erreformatuko dute Kongresuan.

- 2. Legealdian bertan kargua kentzeko aukera. Alderdi edo elkarte batek Hauteskunde Batzordearen galbahea pasatu, bozetara aurkeztu eta kargu publikoak lortzen baditu, baina gero legealdian Espainiako Justiziak alderdi edo elkarte hori baliogabetu edo legez kanpo uzten badu, lege aldaketarekin talde horretako hautetsiak kargutik kentzeko aukera egongo da. Legealdi honetan ez dute halakorik egin EAE-ANVko alkate eta zinegotziekin, nahiz eta Justiziak alderdi hori legez kanpo utzi zuen 2008ko irailean -EHAK ere hala utzi zuen orduan-.

Candido Conde Pumpido Espainiako fiskal nagusi atzo eguerdian iradoki zuen legeak aldatuko dituztela ezker abertzaleak 2011ko udal eta foru hauteskundeetara aurkeztea orain arte izan duen baino "are nekezago" izateko. Geroago, albiste hori berrestera eta sakontzera atera zen Espainiako Estatuko Lurralde Kooperaziorako idazkari Gaspar Zarrias. Eta iluntzean, Efe berri agentziak Gobernuaren iturriak aipatuz jakinarazi zuenez, Espainiako Barne Ministerioak Alderdien Legea eta Erregimen Lokaleko Legea moldatzeko egindako txostena aztertu eta onartu du gaurko Ministroen Kontseiluak.



Gobernuko iturrien arabera, urtebete darama erreforma lantzen, eta PP jakinaren gainean egon da. Gobernuak uztaila baino lehen proposamena gainerako alderdiei jakinaraztea espero du.

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak hilabeteak daramatza lelo berarekin: "Ezker abertzaleak hautatu egin behar du: edo bonbak, edo botoak". Hark eman du Ministroen Kontseiluaren izenean prentsaurrekoa gaur.

Ezker abertzaleak iragarri du "prozesu demokratikoa" abiatu nahi duela; "euskal herritarren hitza eta erabakia izan behar ditu oinarri eta beraz, inongo indarkeriarik edota kanpo injerentzia bidegaberik gabe garatu beharko da". ETAri "prozesuarekiko konpromiso argi eta zehatzak" hartzeko eskatu berri dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.