Albistea entzun

Errauts hodeia

Europako Batasunak aire eremua malgutzea erabaki du

Islandiako sumendiaren erupzioak sortutako eragozpenen ondorioz, aire eremuaren itxierak sortuko duen eragin ekonomikoa 2001eko irailaren 11koa baino handiagoa izango da, Europako Batasunaren ustez. Loiuko aireportuan 25 hegaldi bertan behera geratu dira gaur goizean, eta Miarritzen ere gauza bera gertatzen ari da.

Berria -

2010eko apirilak 19
Europako Batasuneko Garraio ministroek debekatutako aire eremua malgutzea erabaki dute, segurtasuna bermatuta badago. Era honetan, aeroliniek aukeratuko dute segurtasun eremu barruko hegaldiak aurrera eramango dituzten. Eurocontrol-ek (Europako Batasuneko aire trafikoa kontrolatzen duen agentziak) debekua murrizteko proposamena egin du gaur arratsaldean eta Europar Batasuneko herrialde gehienak alde agertu dira. Lehenago, British Arways airelineak esan du ez direla beharrezkoak aire eremuaren murrizketak. "Espazio murrizketak soberan daudela erakusten duten frogak aurkezten dituzten" hegaldiak egin dituzte. Igande arratsaldean atera zen Boeing 747 bat Heathrow-eko aeroportutik (Londres), Cardiff-era (Gales) bidean, British Arwayseko kontseilari delegatu Willie Walsh barnean zela. Hegazkinak ez zuen arazorik izan. Europako Batasunaren erabakia dela eta, hainbat neurri hartu dituzte herrialde desberdinek. Horrela, Erresuma Batuko aire eremua bihar zabalduko dute, Sky News telebistaren arabera. Islandiako Eyjafjallajokull sumendiaren erupzioa murriztu egin dela diote eta errautsaren altuerak ez duela eraginik Erresuma Batuan. Aire eremua Eskozian 5:00etan irekiko dute, Ingalaterra iparraldean 11:00etan eta hegoaldean 17:00etan irekiko dute. Aurreko ostegunetik 150.000 britainiar gelditu dira herrialdera itzuli ezinik. Frantziak, biharko 6:00tan, partzialki irekiko du aire eremua. Pariseko, Bordeleko, Marseillako, Tolosako eta Nizako aireportuak irekiko dituzte, eta bitartean, hegoaldeko aireportuak, Lyoneko aireportua barne, gaur arratsaldean jarriko dituzte martxan. =bAire eremua itxita 19 herrialdetan gaur=b 19 herrialdetan jarraitzen du gaur aire eremuak osoki edo partzialki itxita; Alemaniak, Austriak, Belgikak, Danimarkak, Erresuma Batuak, Errumaniak, Estoniak, Finlandiak, Frantziak, Herbehereek, Hungariak, Irlandak, Kroaziak, Norvegiak, Poloniak, Suediak, Suitzak, Txekiar Errepublikak eta Ukrainak dituzte itxirik aireportuak. =bKalte ekonomikoak=b Islandiako sumendiaren erupzioak sortutako errauts hodeiak aire garraioan traba handiak eragiteaz gain, kalte ekonomikoa ere sortu du. Hala, Europako Batzordearen arabera, aire eremuaren itxierak sortuko duen eragin ekonomikoa 2001eko irailaren 11koa baino handiagoa izango dela airelinientzat. Aldiz, kalte ekonomikoa ez da hain handia Royal Bank of Scotland-en (RBS) arabera, alternatiba gisa beste garraiobideak erabili baitira. Esan dutenez, eragozpen ekonomikoak "hutsalak" dira krisi ekonomikoarekin alderatzen baditugu. Hiru-lau egun beharko dituzte aire eremua ireki eta egoerak normaltasunerantz jotzeko. =bEgoera bere onera itzultzen ari da, baina arazoak nabarmenak dira Loiun eta Miarritzen=b Errauts hodeiak aire garraioan traba handiak eragiten jarraitzen du, eta Euskal Herriko aireportuetan ere nabarmenak dira ondorioak. Zabalik daude Euskal Herriko bost aireportuak, baina beste herrialde batzuetako aire eremuaren itxiera eta murrizketen ondorioz, hegaldi asko bertan behera geratzen ari dira. Hala, gaur goizean 25 hegaldi geratu dira bertan behera Loiuko (Bizkai) aireportuan, gehienak Europa iparraldeko hiriburuetara zihoazenak. Miarritzen ere gauza bera gertatu da hegaldi gehienekin, Paris baitute helmuga eta Frantziako hiruburua murrizketen menpe baitago oraindik. Hondarribian (Gipuzkoa) Bartzelonara zihoan hegaldi bat kendu dute, jatorria Herbeheretan zuelako eta ez delako iritsi. Gainerakoan, normal dabilela agertu dute AENAko iturriek. Noainen (Nafarroa) Madrilera zihoan goizeko lehen hegaldia utzi dute bertan behera, atzo gauean hegazkina ez zelako iritsi, baina gainerakoak ondo atera dira. Forondan (Araba) ez dagoela arazorik azpimarratu du AENAk.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.