politika

Rafa Diez libre utzi dute, 30.000 euroko bermepean

Urriaren 13an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Batasunaren Mahai Nazionala berriro osatu nahi zuelakoan. Operazio berean atzeman zituzten ezker abertzaleko beste lau kide preso daude oraindik: Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta.

2010eko apirilaren 26a
16:23
Entzun
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aske utzi du Rafa Diez ezker abertzaleko kide eta LABeko idazkari nagusi ohia, 30.000 euroko bermea jarrita. Politikan aritzeko baldintzak ere ipini dizkio. Iazko urriaren 13an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, LABen Donostiako egoitzan, Batasunaren Mahai Nazionala berriro osatu nahi zuelakoan.

Estremerako kartzelan (Espainia) dago egun, eta LABeko ordezkari batzuk hara joan dira, Ainhoa Etxaide idazkari nagusia buru dutela.

Defentsak martxoaren 8an egin zuen Diez aske uzteko eskaera, ama zaindu dezan. LABeko buru ohiak hamabostero eman beharko dio zaintzaren berri Garzoni. Horretaz gain, astean bitan ertzain etxera joan beharko du sinatzera eta ezingo da irten Espainiako Estatutik baimen judizialik barik.

Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Miren Zalabeta, Mañel Serra eta Ainara Oiz ere atzeman zituzten operazio berean Donostian, Hernanin, Iruñean eta Burlatan, Garzonek epaileak aginduta. Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta kartzelara bidali zituen, eta bostak preso daude harrezkero. Urtarrilaren 25ean auzipetu egin zituen Garzonek. Etxeberria eta Oiz baldintzarik gabe libre geratu ziren, eta Morenori, Esnali eta Serrari hamarna mila euroko bermea jarri zien -hiru horiek ere auzipetuta ditu-.

Haiek atzeman eta lau egunera manifestazio handia izan zen Donostian, ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk eta Hiruk antolatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.