euskal presoak

De Juanak ihes egin duen baieztatzeko eskatu dio Velasco epaileak Londresko Interpoli

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak hala eskatuta egin du magistratuak. De Juanak hilabete darama Belfasteko polizia etxera sinatzera agertu gabe, eta ez dago Irlanda iparraldeko bere etxean.

2010eko apirilaren 30a
21:19
Entzun
IƱaki de Juana euskal preso ohia non dagoen eta ihes egin ote duen baieztatzeko eskatu dio Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Londresko Interpoli. Auzitegi Nazionaleko fiskalak hala eskatuta jo du Velascok nazioarteko polizia erakundera. Epaitegiko iturriek diotenez, eskaera hori egin aitzinetik, Irlanda iparraldeko Justiziak ez dio eman De Juanaren berririk Velascori.

BBC Erresuma Batuko telebista kateak atzo jakinarazi zuen De Juanak hilabete zeramala Belfasteko polizia etxera sinatzera agertu gabe, eta jada ez zegoela Irlanda iparraldeko bere etxean. Hango Justiziak albistea berretsi zuen ondoren. De Juanaren abokatuak ere, Sean Devinek, erran zuen martxoaren 26tik ez zuela bere bezeroaren berririk. Bertzalde, Irlanda iparraldeko fiskalak atzo bertan eskatu zuen De Juanaren baldintzapeko askatasuna bertan behera uzteko.

Estradizio auzia

Joan den martxoaren 1ean Thomas Burgess Belfasteko Auzitegiko epailea preso ohia Espainiaratzearen alde azaldu zen berriro. 2009ko martxoan, estradizioaren alde agertu zen Belfasteko epaitegi bat, "terrorismoa goratzeko" delitua Espainiaratzeko nahiko arrazoi badela iritzita. Defentsa abokatuak helegitea ezarri zuen estradizioaren aurka. Burgessek baztertu egin zituen De Juanaren abokatuaren argudioak, eta Velasco epaileak eginiko estradizio eskaera ontzat eman zuen. Defentsa ekainaren 28an eta 29an da helegitea aurkeztekoa.

2008ko abuztuan du jatorria auziak. Orduan irten zen Aranjuez espetxetik (Espainia) De Juana, eta ongi-etorri ekitaldia egin zuten Donostian, bera bertan ez zela. Ekitaldian ustez De Juanak idatziriko gutun bat irakurri zuen emakume batek. Eskutitz hartan "terrorismoa" goratu izana egozten diote De Juanari, bukaeran "aurrera bolie" idatzita zegoelako -Txomin Iturbe etakide historikoak erabiltzen zuen-. Preso ohiak ukatu egin izan du eskutitz hura idatzi zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.