ekonomia

Apirilean EAEn iaz baino %65 langile gutxiago geratu dira erregulazioan

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2.731 langileentzako enplegua erregulatzeko espedienteak onartu dituzte apirilean, iaz hilabete horretan onartutakoak baino %65 gutxiago. Espedienteen eta horiek eragiten dieten langileen kopuruan beheranzko joera berretsi du Jaurlaritzak, baina datua ez da horren ona, erregulazioan jarraitzen dutenen kopurua ez baita gutxitu.

2010eko maiatzaren 11
15:08
Entzun 00:00:0000:00:00
Eusko Jaurlaritzako Lan Departamentuak 2.731 erregulazio dosier onartu ditu apirilean, iaz hilabete horretan baino %65 gutxiago, eta "espediente kopuruak beheranzko joera baieztatzen" duela azaldu dute departementutik. Hala ere, lanik gabe geratzen ari direnen kopurua iaz bezainbeste ez den arren, ez dira datu horren onak, lan mundura itzultzen direnen kopuruak ez baitu aldaketarik.

Urte hasieratik apirilaren 30 bitartean 29.873 langileri eragin dio erregulazioak edota lan murrizketak, eta horietatik 15.604 bigarren espedientean dira.Baimendutako espedienteetatik berriak 74 dira, eta bigarren aldikoak 75. Horrez gainera, dosier gehienak gero eta epe luzeagokoak dira. Onartutako espedienteen %89 (133) enpresaren eta langileen batzordearen arteko akordiotik eratorritakoak dira. Akordiorik gabe 16 izan dira —1hamabost lana etetekoak eta bat murriztekoa—.

Espedienteak, berriz, produkzioaren eta eskariaren gutxitzearen ondorio dira, Jaurlaritzaren arabera.

149 espediente onartu dituzte. Horietatik 137 lana eteteko dira —2.606 langile—, lau murriztekoak —30 langile—, eta zortzi iraungitzekoak —95 langile—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.