politika

Jaurlaritzaren "web antiterrorista"

Presoen aldeko ekimenak salatzeko eskatu du Aresek. Herritarrek ez dituzte beren datuak eman behar; ematekotan, anonimotasuna gordeko dute poliziek.

2010eko maiatzaren 13a
10:52
Entzun
Herritarrek Ertzaintzari laguntza eman diezaioten webgune "antiterrorista" bat sortu du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Zerbitzu horri esker, eguneko 24 orduetan informazio "anonimoa eta ezkutukoa" jaso dezakete poliziek, webgunean azaltzen den telefono zenbaki baten bitartez eta webguneko aplikazioen bidez. Rodolfo Ares sailburuak azaldu duenez, "espezializatutako talde batek baloratu eta egiaztatuko du jasotako informazioa". "Ez zaio sinesgarritasunik emango edozein daturi", nabarmendu du Herrizaingo sailburuak. Nolanahi ere, telefonora deitzen duten herritarrek ez dute derrigor beren datu pertsonalak eman behar, "eta ematen badituzte, anonimotasuna gordez eta segurtasun guztiekin egingo dute".

Herrizaingo sailburuaren arabera, "ekintza terroristak, kale borrokako ekintzak eta terrorismoa goraipatu, biktimen memoria iraindu eta legea urratzen duten kartelen inguruko informazioa" jaso nahi dute herritarren parte-hartzearen bitartez. Horretaz gain, Aresek nabarmendu du, "delituen prebentziorako" ere baliagarria izan daitekeela atari berria. Horren harira, webgunean hainbat informazio jaso dute: besteak beste, "terroristek nola jokatzen duten" azaltzen duen infografia bat, "gehien bilatutako ETAko kideen" argazkiak, eta azken atentatuen eta kale borroka ekintzen inguruko informazioa.

"Kalea irabazi"

Aresek adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den "zero tolerantzia" politikan "beste urrats" bat da webgunea. "Terrorismoa amaitzeko eta bakea eta askatasuna sendotzeko, beharrezkoa da polizien, epaileen eta herritarren arteko harremana sustatzea", adierazi du. "Gure asmoa ez da herritarrak polizia bihurtzea, bakea lortzeko beraien Poliziari laguntza ematen dioten herritarrak izatea baizik". Aresen hitzetan "irabazi egin behar zaie terroristei eta intoleranteei". Hori dela eta, "terrorismoa justifikatzeko eta babesteko" erabiltzen den "edozein txoko" amaitzeko laguntza eskatu du Herrizaingo sailburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.