Kronologia

 

Berria -

2010eko uztailak 15

1999

Irailak 18. Bilboko Euskalduna jauregian Udalbiltza sortu zuten, Euskal Herri osoko talde abertzale guztietako 2.000 udal hautetsirekin.

2001

Otsailak 24. Kursaalean egin zuen lehen bilera ezker abertzaleko zinegotzi eta alkateek kudeatutako Udalbiltzak. Liskarrak zirela tarteko, Udalbiltza banatuta zegoen. EAJko eta EAko hautetsiak Udalbiltzaren alde batean geratu ziren, eta ezker abertzalekoak eta hainbat independente bestean.

2003

Apirilak 29. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz, Espainiako Poliziak Udalbiltzako zortzi kide atxilotu zituen. Erakundearen egoitzak miatu eta zigilatu ere egin zituen. Biharamunean, atxilotu guztiak espetxeratu zituzten.

Maiatzak 6. Bi urte eta erdi bilerarik egin gabe pasatu ostean, bi Udalbiltzek batzar bat egin zuten, polizia operazioaren ondoren elkarlana sustatzeko asmoz. Ordutik, behar hori etengabe aldarrikatu da, baina bi Udalbiltzek ez dute sekula batasunik lortu.

Maiatzak 10. Manifestazio jendetsua egin zuten Bilbon, Bai Udalbiltzari, bai Euskal Herriari lelopean. EAJ, EA eta EBk ez zuten parte hartu.

Maiatzak 23. Beste hiru hautetsi espetxeratu zituen Garzonek. Tartean, Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakaria.

Ekainak 25. Garzonek bi urtez eten zituen Udalbiltza Elkartea, Partzuergoa, eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa. Gerora, 2008ra arte luzatu zuen jardueren etetea.

Irailak 24. Leire Idoiaga espetxetik irten zen 30.000 euroko bermea ordainduta.

Irailak 28. Xarlo Etxezaharreta atxilotu zuten, eta espetxera bidali zuen bi egun geroago.

Urriak 6. Eider Casanova eta Larraitz Sanzberro aske geratu ziren, 30.000 euroko bermea ordainduta.

2004

Apirilak 6 eta 7. Loren Arkotxa, Imanol Esnaola, Miren Josu Aranburu eta Xarlo Etxezaharreta aske geratu ziren. Aurreneko hirurek 30.000 euroko bermea ordaindu zuten, eta Etxezaharretak 60.000 eurokoa.

Apirilak 20. Oscar Goñi, Lander Etxeberria eta Txema Jurado auzipetuak espetxetik atera ziren, haietako bakoitzak 30.000 euroko bermea ordainduta.

Abuztuak 11. Udalbiltzako 11 kide inputatu zituen Garzonek, “talde terroristarekin harremana izatea” egotzita.

Irailak 1 eta 2. Inputatuek Garzonen aurrean deklaratu zuten. Aske geratu ziren guztiak.

Irailak 6. Karmele Urbistondo aske gelditu zen, 30.000 euroko bermea ordainduta.

Irailak 22. ETAkoak izatea egotzita 21 lagun auzipetu zituen Garzonek. Geroago auzipetu zuen Arbulu.

Urriak 6. Auzipetuak Garzonen bulegora joan ziren auzipetze autoa jasotzera. Akusazio guztiak gezurra direla esan zioten epaileari.

Abenduak 4. Xabier Alegria eta Miriam Campos aske atera ziren 30.000 euroko bermea ordainduta.

Abenduak 21. Joseba Garmendia espetxetik atera zen, 60.000 euroko bermea ordainduta. Ordaindutako erdia Udalbiltza auzia-gatik zen, eta beste erdia herriko tabernen auziagatik.

2005 Maiatzak 6. Ibon Arbulu Espainiaratu zuen Frantziak, euroagindu eskaera baten bitartez. Espetxeratzeko agindu zuen epaileak.

2007

Irailak 7. Udalbiltza Elkartea, Partzuergoa, eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoari beren jarduna berrekiteko baimena eman zien Auzitegi Nazionalak.

Irailak 12. Guztira 240 urteko espetxe zigorrak eskatu zituen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Udalbiltzako 22 auzipetuentzat.

2010

Maiatzak 13. Espainiako Auzitegi Nazionalak jakinarazi zuen aurtengo uztailaren 15ean hasiko zela Udalbiltzaren aurkako epaiketa.

Uztailak 15. Epaiketaren lehen saioa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Udalbiltza ETAren menpe ez dagoela berretsi zuten auzipetuek, eta Euskal Herriaren aldeko proiektua dela. Miriam Campos presoa auzitik kanpo utzi zuen epaimahaiak, ez du epaituko, 18/98 auzian epaitu eta zigortu egin zutelako akusazio beragatik -ETAko kide izatea-. Aldiz, Xabier Alegria presoa epaitzea erabaki du, 18/98 auzian ez zutela diru kontuei buruzko akusazioengatik epaitu esanda. Xarlo Etxezaharreta Hazparneko hautetsi ohia ez zen azaldu auzitegira eta hura atxilotzeko agindu zuen epaimahaiak. Auzipetuek babes handia jaso zuten Madrilen. 11 auzipetuk deklaratu zuten lehen egunean.

Uztailak 16. Epaiketako bigarren saioan ere fiskalaren eta herri akusazioaren galderak ekimen, proiektu eta lan politikoei buruzkoak izan ziren, ez ustezko delitu zehatzen bat frogatzera bideratuak. Zortzi auzipetuk deklaratu zuten eta, haien arabera, "gardena eta publikoa" izan da Udalbiltzaren lana. Akusazioen "zorroztasun falta" eta "gezurrak" salatu zituzten. Auzipetuek zioten Udalbiltza sekula ez dela ideologia bati mugatua egon; "areago, pluraltasuna mantentzen sutsu saiatzen da, sigla politikoen mugak gaindituta". Udal erakundea ETAren menpe ez dagoela berretsi zuten haiek ere.

Uztailak 17. Milaka lagunek hartu zuten parte Bilbon manifestazio nazionalean, Udalbiltza aske! Bai Udalbiltzari. Bai Euskal Herriari lelopean. Auzipetuek absoluzioa eskatu zuten, eta "instituzio demokratikoak sortu eta garatzeko eskubidea errespetatzea". Orduan ere, herritarren aldetik ez ezik, babes handia jaso zuten eragileen partetik.

Uztailak 22. Akusazioaren lekukoek -poliziak denak- ez zuten Udalbiltza ETArekin lotuko lukeen frogarik aurkeztu epaiketako hirugarren saioko deklarazioetan. 2003ko operazioan parte hartutako poliziak ez ziren askorik gogoratzen ordukoaz; fiskalak eta herri akusazioaren abokatuak egindako galderak baieztatzera mugatu ziren. Larraitz Sanzberrok ere deklaratu zuen -bera baino ez zen falta auzipetuen artetik-, eta beste auzipetuek ostegunean eta ostiralean esandakoaren ildo beretik mintzatu zen.

Uztailak 23. Laugarren saioan ere poliziek ez zuten aurkeztu Udalbiltza eta ETA lotuko lituzkeen frogarik.

Irailak 13. Abuztuko etenaren ostean, berriro ekin zioten epaiketari. Polizia txostenak berretsi besterik ez  zuten egin akusazioaren lekukoek. 2003ko operazioan parte hartutako hamazazpi poliziak deklaratu zuten, nahiz eta ez zuten delitu izan daitekeen ezer azaldu.

Irailak 14. Defentsaren lekukoen deklarazioak izan ziren. 11 lagunek hitz egin zuten. Uztailean auzipetuek egindako azalpenak berretsi, eta Udalbiltzako erabakiak ez zituela ETAk hartzen esan zuten. Halaber, zioten udal erakundeak diru publikoak eta bere jarduera oro legea jarraituta egiten zituela.

Irailak 30. Froga perizialen txandan, polizia eta guardia zibil perituen izenean hitz egin zuenak esan zuen Udalbiltzak eraikuntza nazionalaren alde egindako lana "uneoro publikoa eta zilegi" zela, eta ezin dutela frogatutzat jo ETA eta Udalbiltzaren artean lotura zuzena zegoenik. Gaineratu zuen ez daukatela ETAk Udalbiltzako inori agindurik eman zion frogarik. Era berean, zioen Patzuergoaren finantzazioa udaletatik lortzen zela eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa herritarren ekarpenarekin jarri zela abian.

Urriak 1. Froga perizialekin segitu zuten, eta Udalbiltzaren aurkako txostenak interpreta daitezkeela esan zuten polizia perituek. "Hau guk egiten dugun interpretazioa da. Agian, zuk [defentsa abokatuak] beste modu batera interpretatuko zenuke", zioen. Ez zuten ETAren eta Udalbiltzaren arteko loturarik agertu. Lurraldetasuna eta nazio eraikuntzaren alde egiten duten guztiek ETAren aginduei jarraitzen dietela esatea asko esatea dela ere aitortu zuten perituek.

Urriak 25. Fiskalak erretiratu egin zuen akusazio ekonomikoa. Hala, Garmendia, Arkotxa eta Iragorrirentzat 15 urtetik 10era jaitsi zuen kartzela zigor eskaera; Alegria, berriz, fiskalaren akusaziorik gabe geratu zen, ETAko kide gisa jota zigorra jasoa duelako =i18/98 auzian=i. Ondorioz, Alegria ez beste 20 auzipetuentzat 10 urteko espetxea eskatu zuen fiskalak. Dignidad y Justicia herri akusazioak zigor eskaera denei eutsi zien; 21 auzipetuentzako 14 urte eta 23 arteko espetxea. Defentsak absoluzioa galdegin zuen; "fede txarrez egin dira akusazioak, deliturik ez dagoela jakinda".

Urriak 26. Orduan amaitu zen epaiketa, eta epaiaren zain geratu ziren. "Sortzen ari den bide berria itxiko duena ez dadila epaimahai hau izan", zioten auzipetuek azken hitza hartzean. ETAko kideak direla ukatu zuten, Udalbiltza Euskal Herria eraikitzeko proiektua zela gogoratu zuten, eta haren jarduera politikoa, demokratikoa eta jendaurrekoa izan zela. Zazpi urte hauetan bizi izan dutena "oso gogorra" izan dela nabarmendu zuten. Haien ustez, absoluzioa da eman daitekeen epai bakarra. Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak ez zuen jakinarazi du noiz emango duten epaia, baina epaileen xedea "ahal den azkarren" ematea dela esan zien auzipetuei. Bermudez bera izan zen Egunkaria auzian itxiera kasuko epaimahaiburua; joan den otsailaren 1ean amaitu zen epaiketa eta apirilaren 12an eman zuten epaia -absoluzioa-.

2011

Urtarrilak 20. Espainiako Auzitegi Nazionalak errugabetzat jo zituen Udalbiltza eta hogei auzipetuak. ETAren eta Udalbiltzaren arteko loturarik ez dela frogatu argudiatuta, absoluzio epaia eman zuten Javier Gomez Bermudez, Manuela Fernandez Prado eta Ramon Saez Valcarcel magistratuek, auzia abiatu eta ia zortzi urtera. "Froga falta" onartu zuen Fiskaltzak, eta ez du helegiterik jarriko. Dignidad y Justicia herri akusazioak aukera du Auzitegi Gorenean helegitea ipintzeko.

Apirilak 5. Behin betiko bukatu zen Udalbiltza auzia, urtarrilaren 20an Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako absoluzio epaia irmoa delako dagoeneko. Izan ere, fiskalak eta Dignidad y Justicia elkarteak ez zuten epaiaren aurkako helegiterik aurkeztu Auzitegi Gorenean. 

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Sindikatuen agerraldia, gaur. ©BERRIA

Hezkuntza Sailak «planifikazio integralik» ez duela salatu dute sindikatuek

Gotzon Hermosilla

Ohartarazi dute «transmisio kasuak ugarituko» direla neurriak hartzen ez badira. Greba egunetik astebetera, adierazi dute ez dutela baztertzen beste mobilizaziorik egitea.

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Lehen aldiz, laurehun kasuren langa gainditu du Nafarroak

Uxue Rey Gorraiz

Beste 830 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Horietatik 425 Nafarroan detektatu dituzte. Positiboek goia jo dute lurralde horretan, eta hildako bat izan da. 496 lagun daude erietxean Hegoaldean: horietatik 81, ZIUetan.

Azkoienen lasaitasuna zen nagusi atzo. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Azkoien, ia bakartuta

Joxerra Senar

Bihartik, ezinbesteko arrazoiengatik ez bada, ezingo da herrian sartu edo irten. Edukiera erdira jaitsiko dute, eta tabernak 22:00etan itxiko dituzte

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna