Albistea entzun

jon anza auzia

Anzaren gorpua Ziburun da

Euskal militante eta preso ohiaren hilotza 15:30ean heldu da Okzitaniako Tolosatik, eta omenaldi txiki bat egin berri diote. 2009ko apirilaren 18an desagertu zen Jon Anza, eta ofizialki joan den martxoaren 11n jakin zen hilda zela. Ezker abertzaleak bihar arratsaldean omenaldia egingo dio Ziburun.
Heldu da Jon Anzaren gorpua Euskal Herrira. Berrehun lagunetik elkartu dira Ziburuko gorputegian, eta omenaldi txiki bat egin diote Anza euskal militante ohiari, txalapartari, bertsolari eta dantzariekin.

Berria -

2010eko uztailak 23
Gaur arratsaldean heldu da Jon Anzaren gorpua Euskal Herrira: hiru eta erdietan Ziburuko gorputegira, Marinela auzora. Berrehun lagundik gora elkartu dira bertan, eta omenaldi txiki bat egin diote Anza zenari, txalapartari, bertsolari eta dantzariekin. Frantziako Polizia ez da agertu Ziburura. Omenaldian Jon Anza Kolektiboak desagerpena salatu du eta horren arduradunak Espainiako eta Frantziako gobernuak direla adierazi. Hura "gerra zikinak" hil duela esan du kolektiboak, eta "arduradun nagusiak" Michelle Alliot Marie Frantziako Justizia ministroa eta Barne saileko buru ohia, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroa, Nicolas Sarkozy Frantziako gobernuburua eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiakoa direla. Kolektiboak dio kasua argitu artean ez duela etsiko, eta familiari eskerrak eman dizkio "ia urte eta erdiz erakutsitako duintasun eta ohoreagatik". Familiak hilotza goizean hartu du Tolosako Purpan gorputegian (Okzitania, Frantzia), eta 11:00etan atera dira handik. Bihar, berriz, ezker abertzaleak omenaldia eginen dio Anza euskal militante eta preso ohiari, 17:00etan, Ziburuko plazan. Ezker abertzaleko kideek, lagunek eta familiak azken agurra eman nahi diote horrela hari. Biharko omenaldiaren ondoren gorpua lurperatzeko borondatea adierazi du Anzaren familiak. Ehorzketa hurbilekoekin bakarrik egin nahi du, familia eta lagun hurkoak bildurik. Ipar Euskal Herrian lurperatuko dute, baina sendiak oraindik ez du jakinarazi non. 2009ko apirilaren 18an desagertu zen Jon Anza. Baionan ikusi zuten azkeneko aldiz, geltokian. Tolosara zihoan, ETArekin bilera bat egitera, honek gero jakinarazi zuenez. Ofizialki aurtengo martxoaren 11n jakin zen hilda zela eta gorpua Tolosako Purpan erietxean dagoela. Informazio ofizialen arabera, preso ohia apirilaren 29an aurkitu zuten Tolosako etorbide batean osasun egoera txarrean, hiriko erietxe horretara eraman zuten, maiatzaren 11n hil zen eta harrezkero Purpaneko gorputegian egon da. Frantziako Justiziak ikerketa zabalik du. Desagertzeari eta heriotzari buruzko galdera eta arrangura guztiak hortxe dira, argitu gabe. 47 urte zituen Anzak, donostiarra zen, baina Ahetzen bizi zen. Hogei urtean egona zen preso.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...