politika

Herritar talde bat beste manifestazio bat deitu dute larunbaterako, Bilbon

Berri agentziek jakinarazi dutenez, protestaren jakinarazpena gaur egin dute, eta besteak beste Xabin Intxaurraga EAko kideak egin du erregistroa

2010eko irailaren 9a
18:13
Entzun
EFE agentziaren arabera, herritar talde batek beste manifestazio bat deitu dute larunbaterako, Bilbon. Ertzaintzako iturriak aipatu ditu berri agentzia horrek, eta besteak beste Xabin Intxaurraga EAko kideak egin duela erregistroa jakinarazi du.

Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak debekatu egin du Adierazi EH herri ekimenak larunbat honetarako "eskubide guztien" alde deitua zuen manifestazioa -ordubietan eman du erabakiaren berri epaileak-, baina Adierazi EH herri ekimenak arratsaldeko bostetan emandako prentsaurrekoan jakinarazi du manifestazioa egin egingo dela, eta aztertzen ari dela noizko deitu. Tramitazioa-eta aztertzen ari dira. Ez dute baztertzen etzi bertan izatea martxa.

"Indarberritutako deia" egin du Adierazi EHk hala. 130 bat lagun izan dira prentsaurrekoan, Bilbon, eta Rafa Larreinak (EA) eta Arantza Fernandez de Garaialdek (EILAS) hitz egin dute. "Inoiz baino garrantzitsuagoa da oinarrizko eskubide guztien defentsa egitea".

Auzitegi Nazionalaren erabakiaren berri izan aurretik Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak gaur goizean esan du debekua balego eragileekin beste martxa bat antolatzen saiatuko dela.

Morenok larunbateko martxaren deitzailea Batasuna legez kanpoko erakundea dela uste du, eta ETAren estrategia babestu nahi dutela. Adierazi EHk debeku hori "ezin larriagoa" dela dio.

Fiskaltzaren iritziz, Batasunaren "oinordekoa" da Adierazi EH, eta "ETAren aginduak segitzen ditu. Erakunde terroristaren estrategia babesteko eta etakideen ekintzak justifikatzeko deitu du martxa". Haren txostena ez ezik, AVTren bat ere hartu du aintzat Morenok.

Herri ekimenean ETAkoak diren edo erakunde armatukoak izatea auzipetuta dauden lagunak daudela zioen Fiskaltzak idatzian. Besteak beste, martxak Tasio Erkizia, Niko Moreno eta Marian Beitialarrangoitiaren babesa duela dio. Polizia txostenetan, berriz, Karmelo Landa, Amaia Esnal, Unai Beaskoetxea, Julen Arzuaga, Eli Zubiaga, Oiakue Azpiri edota Olatz Carroren izenak aipatu dituzte "herri plataformaren kudeatzaile gisa".

Hain zuzen, Javier Zaragoza fiskal nagusiak egin zuen txostena, eta Moreno epaileari eskatu zion, debekua emateaz gain, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari agintzeko martxa egin ez dadin neurriak hartzeko. Horretan ere jaramon egin dio epaileak.

Bilborako deitu zuten manifestazioa, Denontzako eskubide guztiak Euskal Herri osoan lelopean (17:30, Aita Donostia plaza). Atxikimendua agertu zuten, esaterako, ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, Lokarri, ELA, LAB, EHNE, AAM, Gazte Independentistak eta Gazte Abertzaleak eragileek.

Lehengo larunbatean bertan ekimenak babes handia jaso zuen, eta aldarrikapen batzuk egin zituzten: bizitza eta askatasuna, euskal presoak Euskal Herrira, kondena bete dutenak eta gaixorik daudenak kalera, inkomunikazioa eta torturak gelditzea, adierazpen askatasuna (pertsona guztiak, proiektu guztiak, aukera guztiak), alderdi eta erakundeen legalizazioa, auzi eta sententzia guztiak indargabetzea.

Aurtengo urtarrilaren 30ean aurkeztu zuten Adierazi EH eskubide zibil eta politikoen ekimen herritarra, Bilbon, Euskalduna Jauregian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.