aTXILOKetak

Askapenako zazpi kide atxilotu ditu Espainiako Poliziak, "ETAren nazioarteko frontea" osatzea egotzita

Gabi Basañez, Unai Vazquez, Itsaso Lekuona, Walter Wendelin, Ruben Sanchez, David Soto eta Haritz Ganboa dira atzeman dituzten zazpi lagunak. Inkomunikatuta dauzkate eta Madrilera eraman dituzte. Askapenak "Euskal Herriak egun bizi duen prozesuaren aurkako erasotzat" jo du sarekada.

2010eko irailaren 28a
17:42
Entzun
Askapena nazioarteko elkartasun erakundearen kontra sarekada egin du bart goizaldean Espainiako Poliziak, eta zazpi kide atxilotu ditu. "ETAren nazioarteko frontea" osatzea leporatzen diete, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak agindu du sarekada. Gabi Basañez, Unai Vazquez, Itsaso Lekuona, Walter Wendelin, Ruben Sanchez, David Soto eta Haritz Ganboa dira atxilotuak, albiste agentziek zabaldu eta AAM Aministiaren Aldeko Mugimenduak baieztatu duenez.

AAMk emandako azalpenen arabera, gauerdi inguruan hasi bide sarekada. Hain zuzen ere, gaueko hamabiak inguruan Errenterian (Gipuzkoa) atxilotu dute Itsaso Lekuona eta harekin batera Josu Arruabarrena ere atxiki dute lehen une batean. Kalean atzeman dituzte biak; auzokide batek ikusi du nola bi kaputxadunek auto batean sarrarazten zituzten. Auzokide horren lekukotasunaren bidez jakin da atxiloketa horren berri. Gero, ordu batzuren buruan, Arruabarrena libre utzi dute baina Lekuonak atxilotuta jarraitzen du.

Gainerakoan, Arruazun (Nafarroa) Haritz Ganboa atxilotu dute eta haren etxea miatu. Iruñean David Soto atzeman dute eta haren etxea eta Askapenaren egoitza miatu dituzte, biak Jaurauta kalean. Getxon (Bizkaia) Gabi Basañez atxilotu dute eta haren etxean miatu. Barakaldon (Bizkaia) Unai Vazquez atzeman dute eta haren etxea miatu. AAMk agertu du Barakaldoko miaketan atxilotuta zegoen neska bat ere eduki dutela. Gasteizen, berriz, Walter Wendelin eta Ruben Sanchez atxilotu dituzte eta Askapenaren egoitza miatu Aiztogile kalean.

Espainiako albiste agentziek zabaldu dutenez, "ETAren inguruneko erakundeen baitan" lan egiten zuten. Iturri horien arabera, honakoa da zehazki Auzitegi Nazionalak leporatzen diena: "Europa, Erdialdeko Amerika eta Hego Amerikako hainbat herrialdetan aritzen ziren, ETAren helburu terroristarako babesak biltzen, tankerako mugimenduekin harremanak estutzen, edo ihes egindako terroristen bozeramaile izaten. Haien egitekoa 'euskal gatazka' deitzen diotena Espainiako mugetatik kanpo eramatea zen".

Candido Conde-Pumpido Espainiako fiskal nagusia urrunago joan da, eta atxiloketa horiek ETAk Kolonbiako FARC gerrillariekin dituen harremanekin dutela zerikusia adierazi du.

Nolanahi ere, atxilotuak ezagunak dira nazioarteko elkartasunaren arloan egindako lanagatik. Lehenagotik ere izan dira batzuk atxilotuak. Esaterako, joan den martxoan Walter Wendelin atzeman zuten Venezuelan, eta kanporatu. ETArentzako lanean aritzea leporatu zioten. Espainiako Gobernuak txalotu egin zuen Hugo Chavezen gobernuak hartutako jarrera, eta Espainia eta Venezuelak elkarrekin hartutako konpromisoen ondorio zela nabarmendu zuten. Wendelinek azaldu zuen ezker abertzalearen Zutik Euskal Herria agiria aurkeztera joan zela Venezuelara.

David Soto, berriz, 2000. urtean atxilotu zuten, 18/98 auziko sarekadan. Absolbitu egin zuten.

"Herrien arteko elkartasuna kriminalizatzeko saioa

Askapenak "bahiketatzat" jo du bere zazpi kide horien atxiloketa, eta sarekadaren bidez "herrien arteko elkartasuna kriminalizatu" nahi dutela salatu du. Baina bereziki helburu bat ikusi dio: ezker abertzaleak abian jarritako prozesua eragoztea. " Operazio hau Euskal Herriak egun bizi duen prozesu honen aurkako beste eraso bat baino ez da. Estatu espainiarrak irtenbide politiko eta demokratiko bat eskaini ordez, errepresioaren neurriak baino ez ditu ezagutzen, eta ireki den bidea zapuzteko ahaleginetan dabil. Zentzu honetan, Euskal Herrian konponbide demokratiko bat lortzeko areagotu den nazioarteko eragileen inpilikazioa eta elkartasuna arazo bilakatu zaie eta eten egin nahi dute", adierazi du ohar baten bidez. Era berean, kezka agertu du atxilotuek inkomunikazio aldian jasan dezaketen tratuagatik, eta euskal herritarrei zein nazioarteko eragileei egoera hau salatzeko deia egin die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.