udalbiltza auzia

Udalbiltzaren lana "zilegi" zela diote polizia perituek, eta ezin dutela frogatu ETArekin lotura zuenik

Gaur ekin diote berriro Udalbiltzako epaiketari, eta udal erakundea ETArentzat eraikuntza nazionalerako tresna zela frogatu nahian dabil fiskala bere galderekin. Polizia perituak aitortu du 'Udalbiltza-Kursaal' izena ez dela existitzen eta Poliziaren asmakizuna dela, Patzuergoaren finantzazioa udaletatik lortzen zela eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa herritarren ekarpenarekin jarri zela martxan. Guardia zibil perituak berretsi egin du hark esandakoa. Bihar segituko du epaiketak, 10:00etan.

2010eko irailaren 30a
08:51
Entzun
Hainbat eguneko etenaren ondoren, gaur ekin diote berriro Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Udalbiltza auziko epaiketari, adituen frogak aurkezteko asmoz. Polizia perituak eman du izenburua lau eta erdiak pasa zirela: Udalbiltzak eraikuntza nazionalaren alde egindako lana "uneoro publikoa eta zilegi" zela esan du, eta ezin dutela frogatutzat jo ETA eta Udalbiltzaren artean lotura zuzena zegoenik. Gaineratu du ez daukatela ETAk Udalbiltzako inori agindurik eman zion frogarik.

2003an egin zuten polizia operazioa, Udalbiltzak ETArekin harremana zuelakoan. Fiskaltzak eta Dignidad y Justiciak horregatik kartzela zigorrak eskatzen dituzte 21 auzipetuentzat.

Horretaz gain, bi horiek Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa legez kanpo uzteko eskatzen dute, baina polizia perituak esan du Patzuergoaren finantzazioa udaletatik lortzen zela eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa herritarren ekarpenarekin jarri zela abian.

Akusazioak eta honen lekukoek epaiketan euren txandan ez zuten Udalbiltzaren aurkako frogarik aurkeztu.

Akusazioen azken lekukoak ere agertu gabe, akordatu gabe

10:00etan zen hastekoa gaurko saioa, baina ordu erdi beranduago hasi da. Akusazioaren azken lekuko bezala Espainiako bi polizia zeuden deituta: bat ez da azaldu eta bestea bideokonferentziaz mintzatu da, oso labur. Honek adierazi du EHNArekin lotutako dokumenturik atzeman zutenik ez dela gogoratzen. Ondorioz, akusazioaren beste lekukoen antzera aritu dira gaurkoak: auzitegira agertu gabe, akordatu gabe.

1972raino joan da peritua

Perituen txanda iritsi da gero. Javier Gomez Bermudez epaileak esan du sei direla perituak: Espainiako lau polizia eta bi guardia zibil. Polizia bat baino ez da ari hizketan (10:40etatik), seien bozeramaile gisa. "ETA borroka armatua eta masen borroka" aipatzen noiz hasi zen azalduz ekin dio, 1972an hasi zela eztabaida horretan, 1974ko azaroko agiri batean aipatu zuela "bikoizketaren kontzeptua" lehen aldiz, eta 1979ko Zutabe ETAren agerkariaren zenbaki batean Euskal Herriko Biltzar Nazionalaren (EHBN) sorrera aitatzen zela.

- "ETAk zergatik nahi zuen kontrolatu Euskal Herriko Biltzar Nazionala?", galdetu dio fiskalak.

- "Legalitate alternatiboa sortzeko", erantzun du poliziak.

Peritu hark esan duenez, 1979ko Gernikako Estatutuaren erreferendumaren ostean sortu zuten HBko hautetsiek EHBN, eta uste du hori KASi lotuta zegoela. "Xibertako negoziazioen" ondorioz -Euskal Herriko hainbat eragile batu ziren Xibertan, ETA eta EAJ barne-, EHBNk "porrot" egin zuela adierazi du. 1991tik aitzina, "KASen egitura amaitutzat eman zutenean", ETA, "nazio eraikuntzaren alde lan egiteko", Euskal Hautetsien Biltzarra aipatzen hasi zela esan du poliziak. "Euskal Herriko Biltzarreko sustatzaileek 1995ean esan zuten Udalbiltza sortu behar zela", eta hori, poliziaren ustez, Lizarra-Garaziko akordioan (1998) negoziatu zuten -EAJ, EA, EH, EB, AB, ELA, LAB eta beste hainbat eragile izan ziren Lizarrako hitzarmeneko sinatzaileak-. "Euskal Herrirako egitura instituzionala sortzea eta nazio eraikuntzaren aldeko pausoak ematea itundu zen Lizarran".

Fiskalaren ahalegina

Fiskala EHBNren eta Udalbiltzaren artean lotura egin nahian bezala aritu da galderen bidez, baita Udalbiltza ETArentzat eraikuntza nazionalerako tresna zela frogatu nahian ere.



Udalbiltza Euskal Herriko udal erakundea 1999ko irailaren 18an sortu zuten EAJ, EH, EA eta ABko hautetsiek, baita udal ordezkari independente batzuek ere. Jendaurreko ekitaldia egin zuten Bilbon, Euskalduna Jauregian.

ETAk 1999ko abenduan su-etena hautsi ondoren (1998ko irailetik zegoen su-etenean), Udalbiltzan EAJ eta EAko hautetsiek alde batetik ekin zioten eta, ondorioz, EHkoek eta independente batzuek beste alde batetik. Orduan atera zen 'Udalbiltza-Kursaal'-en izena, eta hori ETArekin lotzen saiatu izan dira harrezkero Polizia eta Auzitegi Nazionala. Polizia perituak gaur aitortu du, ordea, 'Udalbiltza-Kursaal' izena ez dela existitzen, Poliziaren asmakizuna dela. Udalbiltzako auzipetuek beti esan izan dute -epaiketan bertan, kasu- izen hori ez dela existitzen.

Horretaz gain, polizia perituak berak aitortu du Udalbiltzako kideen lana "uneoro jendaurrekoa" zela. Are gehiago, Udalbiltzak eraikuntza nazionalaren alde egindako lana "zilegi" zela adierazi du. Eta ondoren: ezin dutela frogatu udal erakundeak ETArekin lotura zuenik.

Akusazioen lekukoek esandakoa ere bota du atzera poliziak: 'ministerioak' kontzeptua ez dela Udalbiltzaren inongo agiritan agertzen.

Batasuna eta ESAIT ere zakura

Epaileak 13:13etan eten egin du saioa, eta 16:10etan hasi dira atzera. Perituak jarraitu du deklaratzen eta, fiskalaren galderek gidatuta, hauteskundeetara egin du salto. Batasunaren legez kanporatzearen ondorioz Udalbiltzak hauteskundeetarako plataformak martxan jarri zituela adierazi du. ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea ere aipatu dute; hots, ESAIT sortzea ere Ekinen xedeen artean zegoela esan du fiskalak, eta polizia perituak berretsi egin du ideia hori.

Fiskalak 18:09etan bukatu du galderak egiten. Dignidad y Justiciaren txanda hasi da ondoren. Guardia zibil bat hasi da hizketan orduan, eta beste perituak esandakoa berretsi du.

Defentsa abokatuak 18:22etan hasi dira hizketan eta galdezka, eta gogoratu dute poliziek entzuketak, miaketak eta atxiloketak egin zituztela.

19:15ean amaitu da gaurko saioa, eta bihar jarraituko du, 10:00etan. Defentsa abokatuek segituko dute perituei galdetzen.

Uztailean hasi zen epaiketa

Uztailaren 15ean hasi zen epaiketa, eta Udalbiltza ETArekin lotuko lukeen frogarik aurkeztu gabe segitzen du akusazioak. Auzipetuek uztailean esan zuten Udalbiltzako erabakiak ez zituela ETAk hartzen; halaber, zioten udal erakundeak diru publikoak eta bere jarduera oro legea jarraituta egiten zituela. Defentsako lekukoek berretsi egin zuten auzipetuen azalpena.

Fiskaltza eta Dignidad y Justicia akusazioek 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte 21 auzipetuentzat, ETArekin lotura dutelakoan. Udalbiltza, Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa legez kanpo uzteko eskatzen dute, era berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.